Ibilaldia eta txitxiburduntzia antolatu ditu igande honetarako Itxartuk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko ots. 3a, 23:07

Txangoa egin beharrean, igande honetarako, otsailak 8, beste mendi talde batzuekin batera ospatu ohi duen jaia antolatzea egokitu zaio Algortako Itxartu taldeari. "Urtean bi egunetan elkarrekin mendi txangoak prestatu ez ezik, bakoitzak antolatutako Ibilaldi neurtuetara edo herrikoietara ere joaten gara denok. Eta gainera, urtean behin, txitxiburduntzia antolatzen dugu, urteko toki ezberdin batean. Aurten guri, Itxartu taldeari dagokio antolaketa", azaldu dutenez. Beraz, goizeko 9etan Algortako batzokitik abiatuta, hiru orduko ibilaldia egingo dute; eta gero, 12:30etik aurrera, oturuntza izango da batzokiko patioan (edo Zabala eskoletan, eguraldi txarra izanez gero) Txitxiburduntzi eskainiko da. Itxartukoekin batera, Sopelako Urko, Derioko Untza, Mungiako Andui, Meñakako Sollubepe eta Fruizeko Kirkiñitu taldeetako mendigoizaleek parte hartuko dute ospakizunean. BItartean, eguraldia dela eta, urtarrilaren 25an bertan behera utzi behar izan zuten Algortako XXIII. Krosa, martxoaren 22an egingo dute. Argazkian, Itxartukoek urtarrilaren 11n egindako mendi irteeraren irudia.

"Kontu guztiak behar bezala antolatu ziren. Goiz hartan eguraldi txukun samarra izan genuen hasieran, baina bat batean egoera okertu zen, aurreko eguneko haizete bortitzak utzitako arazoak areagotu ziren eta 11:00ak inguruan Udaleko Babes Zibilak eta Udaltzaingoak lasterketa bertan behera utzi behar zela esan ziguten", azaldu dute elkarte algortarreko arduradunek. Partaideei egun horretan bertan esan zieten beste egun bat topatzen ahalegindu zirela eta, azkenean, Bizkaiko Atletismo Federazioak eguna eman die: martxoaren 22a, igandea. Laster berriro ekingo diote horren gaineko informazioa zabaltzeari.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun