Urtarrilaren 27tik otsailaren 2ra bitartean, plastikoak, arbola adar txikiak, bidoiak, tutu zatiak eta bestelako hondakinak kentzen ibili dira, Gobela errekan, Getxoko udal langileak. Tokiko arduradunek zehaztu dutenez, guztira 720 kilo tamaina eta pisu txikiko hondar atera dute. "Kopuru horri atzo eta gaur batutako kiloak gehitu behar zaizkie, zenbatekoa oraindik zehaztu ez bada ere", gaineratu dutenez. Udal iturrien arabera,
urtarrilaren 27ko errekaren goraldiaren ondotik, Gobela, Kandelu eta Bolue ibaiak begiztatu zituzten presagainak sortarazi zitzaketen hondakinen bila. Miaketaren ondorioz, uriolen hurrengo bi egunetan, hilaren 28an eta 29an, 3 urtegi desegin zituzten Salsidu, Kandelu eta Zubileta aldeetan. Urtarrilaren 30ean eta otsailaren 2an, berriz, Kandeluko ahotik Gobelarako ezpondetan ur goraldiak utzi zituen hondakin txikiak batzeko lanak hasi zituzten. Azkenik, atzo eta gaur, Etxezuritik Fadura arteko tartean eta Zubiletan egin dute lan, bi langile gehiagoren laguntzaz. Argazkian, auzokide bat ibaiari adi urtarrilaren 27an.