Trabak eta oztopoak
Baina egun ezinezkoa da Euskal Herrian euskaraz bizitzea. Hamaika aldiz utzi du EHEk agerian egunerokoan euskaraz bizi eta aritzeko ditugun zailtasunak. Euskal Herriak bi estaturen menpe jarraitzen du eta gaztelania eta frantsesaren menpe bizitzeak bigarren mailako egoerara eraman du euskara Euskal Herri osoan. Espainiar eta frantziar estatuek mendeetan eragindako eraso eta asimilazio prozesuaren ondorioz estatuen bi hizkuntzak dira nagusi. Eta nagusitasun horren bermea bi estatuen konstituzioak, zein euskaraz biziko den herriari ateak ixten dizkioten menpeko hizkuntza politikak dira. Euren zabarkeriaz, estatu zentralista eta totalitarioaren gogoa eraman dute muturrera, jatorrizko herrien izaera, nortasuna eta kulturaren gainetik pasaz. Mundu neoliberaleko doktrinaren urratsez, gaztelera eta frantsesa gailendu dute guztiaren gainetik, hizkuntza horiekiko onurak soilik begiratuz. Zenbaitetan hauek aldatzea behartuta ikusi dute euren burua, frantziar legebiltzarrak euskara ondare gisa izendatzean bezala alta, aldaketa horiek ez dira inoiz euskararen berezko jatorria eta izaera propioa onartzeari begirakoak izan, presio bideen ondorioz hartutako neurriak baizik. Gainera, guztiek oinarri berberaren gainean gauzatzen dira, estatuaren hizkuntza hegemonia zalantzan jarri barik.
Baina menpekotasun egoerak euskararen herria zapaldua izateaz gain, zatitua izatea ere eragiten du. Eta zatiketa horretan oinarrituta aurrera eramaten dituzten aipatutako menpeko hizkuntza politikek euskararen berreskurapena baino, erdaren nagusitasuna mantentzea dute helburu, bertako indar autonomistek euskaldunoi herri gisa euskaraz bizitzeko dugun eskubidea ukatuz. Eskolak ez du euskara ezagutzeko eskubidea bermatzen, eta honen jakitun izanik, Nafarroa Garaian ingelesa oinarri duen ereduaren alde egiten dute, ABGn orain arteko ikastereduak mantentzen dituzte eragileak eta herritarrak heldu ez den iragarritako erreformaren zain izan ondoren. Jaurlaritzak euskararen berreskurapena baino, euskararen biziraupena helburu duen eta elebitasunean oinarritutako XXI. mendeko hizkuntza politika jarri du abian, bitartean euskaraz bizi diren guneetan hauek babesteko eta mantentzeko UEMArekin batera emandako urratsetan atzera pausuak eta debekuak aplikatzen dituztelarik.
Euskaldunok osatzen dugun hizkuntza komunitatearen aurkako etengabeko eraso hauen ondorioz, ezinezkoa da Euskal Herri euskalduna eraikitzea, ezinezkoa da euskaraz bizitzea. Menpeko egoera honek beti bigarren maila batetara kondenatzen du euskara. Eta egoera betikotuz gero, argi dago zein den etorkizuna, galbide eta galerarena. Eskubide hitzarekin ahoa betetzen zaien horiek euskaldunok osatzen dugun hizkuntza komunitateari euskaraz bizitzeko eskubidea erauzi digute; eta hori ez dago onartzerik.
Mendekotasuna gainditu. Euskara lehentasunezkoa
Euskaraz biziko den herria eraiki ahal izateko aldaketa sakonaren premia du euskararen gaur eguneko egoera eta norabideak. Aldaketa hori euskal herriko lur eremu osoan erdaren nagusitasunarekin, ondorioz euskararen mendekotasunarekin, bukatzean oinarritu beharko litzateke. Horretarako, euskara bere lurraldean lehentasunezko hizkuntza izatera bideratu behar dugu. Euskara delako Euskal Herriko berezko hizkuntza, eta ondorioz berak beharko lukeelako gure herriaren bizi hizkuntza.
Aldaketa hori gaurdanik eraikitzen hasi behar badugu ere, egoera errotik aldatzea ezinbestekoa dela ozen aldarrikatu behar dugu. Gaur egungo euskararen herriaren zapalketa eta zatiketa gainditu, eta euskararen herria berreraikitzeko tresnak gureganatu behar ditugu euskal herritarrok. Euskal Herria euskalduntzea helburu izango duen, kanpo esku hartzerik gabeko hizkuntza politika burujabea garatzeko eskubidea behar dugu azken finean.
Horretarako behar du batez ere burujabetza Euskal Herriak, euskararen herria berreraikitzeko aukerak eman ditzakeen eskenatoki bat sortzeko alegia. Euskal Herri euskaldunaren alde lanean gabiltzan euskaltzaleok beraz indar egin behar dugu gure herriaren eskubideen alde. Honekin batera, Euskal Herriaren eskubideen alde diharduten eragile ezberdinek ere ozen aldarrikatu beharko lukete euskaraz biziko litzatekeen herria dutela helburu. Herria eta hizkuntza, bata bestea gabe ezer ez direla alegia, eta bat bezala bizi eta eraiki behar ditugula.
Bide horrek bere fruituak eman ditzan, euskarari lehentasuna emanaz gure eguneroko jarduna aldaketa hori etengabe elikatzera bideratu behar dugu. Kalean, etxean, jolasean, borrokan, eskolan zein lanean herri bat osaturik euskaraz bizi nahi dugula aldarrikatu, eta hori horrela izan dadin neurriak eskatzea eta hartzea dagokigu beraz. Euskaraz Bizitzeko pausoa eman behar dugu beraz. Kasik ikusi ezin bihurtzeraino zapaldu bagaituzte ere, euskararen herria bizirik dela eta arnas berritu nahi dugula ikusi arazi behar dugu.
Bide hori herri gisa egin behar dugula esan dugu lehen ere, horregatik ehe-k eragile politiko, sindikal, sozial, zein norbanakoekin errondak zabaltzeko asmoa du datozen hilabeteotan, aipatutako guztia aurrez aurre azaldu, ekarpen eta iritziak jaso eta eraikuntza lanean sakontzen joateko.
Hauteskundeetan betiko lepotik burua
Bukatzeko, datozen asteetan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan ospatuko diren hauteskundeetan ez dirudi euskarari lehentasuna ematearen aldeko hitz asko entzungo dugunik. Alderantziz, badirudi gaur egungo egoera mantentzearen aldeko apustua egiten duela gehiengoak. Batzuk, lotsagabe zapalduak erdal elebakarrak direla esanaz dabiltza, beste batzuk berriz bizikidetzaren izenean, euskaldunok zokoratuak izaten jarraitu behar dugula iradokitzen digute.
Egoera honen aurrean euskaraz bizi nahi dugunok ezin dugu gora begira egon. Gaur eguneko egoera mantentzearen alde azaltzen diren horien iruzurrak agerian utzi eta euskarari lehentasuna emateko deia lau haizetara zabaldu behar ditugu.
Euskara menpekotik lehentasunezkora! Euskal Herri euskalduna eraiki!