Euskarazko zenbait software eguneratu du Jaurlaritzak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko ots. 5a, 15:52

Eusko Jaurlaritzak Xuxen zuzentzailearen IV. bertsioa, Wordfast itzulpen tresnaren euskarazko bertsioa eta Euslinux 2009 software libreko sistema eragilea euskaratu dituela iragarri du. Software horien bertsio berriak www.euskara.euskadi.net webgunean aurki daitezke, baina Euslinux 2009 sistema eragilea oraindik ez dute sareratu. Gainera, Lur Hiztegi Entziklopedikoaren eta Lur Entziklopedia Tematikoaren edukiak ere eguneratu dituzte eta aurki jarriko dituzte Interneten. Argazkian, atzo aurkeztu zituzten Donostian euskarazko software-produktu eta Internet eduki berriak, Patxi Baztarrika sailburuordea bertan zela.

Euskarazko software librea sustatzeko, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak, hasieratik, ia-ia milioi bat euro inbertitu du (legealdi honetan milioi erdia). Bestalde, Xuxen zuzentzailearen bertsioak garatzen 270.000 euro baino gehiago inbertitu du (legealdi honetan 200.000 baino gehiago). Lur Hiztegiaren eta Entziklopedia Tematikoaren aurrekontua 370.000 eurokoa izan da eta doktoretza-tesiena 178.500 eurokoa.

7 milioi euro agintaldi honetan

Legealdi honetan euskarazko Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak sustatzeko diru-laguntzen deialdien bidez, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak 4.450.000 euro inbertitu ditu: %170eko gehikuntza izan dute diru-laguntza hauek legealdiko lau urteetan. Eta bestelako proiektuetan (tresnak, lanabesak, software-lokalizazioakā€¦), zuzenean agenteei kontratatutakoetan, 1.800.000 euro baino gehiago. Horretaz gain, Anhitz ikerketa-proiektua ere sustatu du HPSk legealdi honetan 570.000 eurorekin. Beraz, legealdi honetan esan dezakegu 7.000.000 euro inguru inbertitu dituela HPSk euskarazko IKTak bultzatzeko.

Patxi Baztarrika sailburuordearen arabera, horrek adierazten du "zelako garrantzia" ematen dion Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak IKTen arloan euskararen presentzia "bultzatzeari" eta Teknologia berrietan euskarazko baliabideak, tresnak eta aplikazio berriak garatu eta herritarrei "eskaintzeari". "Ikuspuntu horretatik, aurrera begira ere, euskarazko IKTak bultzatzen eta babesten jarraitzeko asmoa du Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak. Ez izan horretan zalantzarik. Asmo sendoa dugu zeregin horretan lanean jarraitzeko, zeharo zabalik gaude elkarlanerako, eta animatu egin nahi zaituztet hemen zaudeten agenteak eta oro har guztiak lanean fin segitzera, eta ikuspuntu horretatik sortzen dituzuen eta dituzten egitasmoek irekita aurkituko dituzte Eusko Jaurlaritzako ateak", adierazi du Baztarrikak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun