Etorkinentzako ikastaroak eta txangoak antolatu ditu Getxoko Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko ots. 5a, 19:40

Getxon Bizi atzerritarrentzako harrera programaren 3. edizioak lau ikastaro eta txango batzuk eskainiko ditu aurten, otsailetik urrira bitartean. Besteak beste, ostalaritza, informatika, besteren laguntza behar duten pertsonen zaintza eta elikadura eta sukaldaritza izango dituzte aukeran etorkinek, Getxoko Udaleko Gizarte Zerbitzuetako Inmigrazio eta Kulturarteko Unitatearen eta Munduko Medikuak gobernuz kanpoko erakundearen arteko lankidetzari esker. Ikastaroak doakoak izango dira. Igandeetan egingo dituzte, 10:00etatik 14:00etara, Itzubaltzeta / Romoko Ezekiel Agirre kaleko 21 zenbakian dagoen egoitzan; informatikakoa izan ezik. Hori Algortako Fadura institutuan emango dute. Izenemateak Getxoko herritarren arretarako bulegoetan egin behar dira eta informazio gehiago lortzeko Gizarte Zerbitzuetara dei dezakete interesatuek: 944 660 130 telefono zenbakira alegia. Aurtengo berritasun nagusia tailer bakoitza amaitutakoan txango bat egitea izango da. "Euskal geografiako hiri eta toki adierazgarrienetan zehar ibiliko dira, euskal historia eta kultura ezagutuz. Izan ere, oraingoan aipatutako txangoei edukiera eman nahi zaie eta, horregatik, tailerretan parte hartzen dutenekin antolatuko dira”, azaldu du Elena Coria Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak. Gainera, udako txangora joateko aukera herritar guztientzat egongo da zabalik. Markina-Bolibarrera joango dira, Simon Bolivar jaio zen ingurura. Izena emateko epea abuztuaren 14an hasiko da. Argazkian, Getxo udalerrira bizitzera etorritako etorkin sendia.

“Getxon Bizi programak prestakuntzarako, aisiarako eta inguruaren eta harrera-gizartearen ezagutzarako espazioak sustatzen ditu, helburu nagusia atzerritik etorri diren eta azken urteotan Getxoko udalerrian bizitzea erabaki duten herritarrek ahalik eta ongizate handiena izatea eta hemen errotzen laguntzea baita”, azaldu du Coriak. Iazko edizioan, 78 lagunek parte hartu zuten ikastaroetan eta 300 baino gehiagok txangoetan. Parte hartzaileen %80 emakumeak izan ziren eta horietatik %50 Bolibiakoak. Egitasmoaren balantzea "oso positibotzat" jotzen dute antolatzaileek, “argi geratu delako pertsona askorentzat udalerriarekin duten lehenengo kontaktua izaten baita”, adierazi du Estibaliz Gil Miguel Munduko Medikuak GKEko ordezkariak. Aurtengo harrera programaren aurrekontua 17.500 eurokoa da.

Ikastaroak

Ostalaritzari buruzko ikastaroa otsailaren amaieran hasiko da. Izena emateko epea otsailaren 9an zabalduko da. Zerbitzari moduan lan egiteko edota lanpostu horretan hobetzeko prestakuntza jasoko dute parte hartzaileek. Saioak otsailaren 22an, martxoaren 1ean, 8an, 15ean eta 29an izango dira; baita apirilaren 19an ere. Nahi duten parte hartzaileek, apirilaren 26an, Bilboko itsasadarretik izango den txangoan parte hartu ahal izango dute. Itsasadarraren bi ertzek bizi izan duten hiri eta industria garapena ezagutuko dute.

Informatika ikastaroa aurtengo beste berritasun bat izango da, eta horretan Internetek seniderekin eta lagunekin harremanetan jartzeko eskaintzen duena aprobetxatuko da. Saioak maiatzaren 10etik eta 31ra arteko igandeetan izango dira eta izenematea apirilaren 24ean hasiko da. Amaierako txangoa Gasteizera izango da.

Besteren laguntza behar duten pertsonen zaintzari buruzko ikastaroko saioak ekainaren 21etrik uztailaren 26ra izango dira. Izenematea ekainaren 5ean hasiko da. Gaixorik dauden edota ezintasunen bat duten adinekoak zaintzean profesionaltasunez jokatzen ikasiko dute; baita zaintzaileek euren burua zaintzeko behar dituzten baliabideak edukitzea ere. Txangoa Donostiara izango da.

Azkenik, elikadura eta sukaldaritzari buruzko tailerrean parte hartzeko izena emateko epea abuztuaren 28an hasiko da eta irailaren 13tik urriaren 18ra egingo dute. Amaitutakoan Gernikako Kulturarteko Topagunera joango dira.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun