"Familiak dira gaixoei behar duten guztia ematen dietenak. Horregatik, prestakuntza metodo batzuk landu behar dituzte lagun hori behar bezala zaintzeko", azaldu dutenez. Egoera horretaz oharturik, Leioako Udalak joan den uztailean jarri zuen martxan "Psikoestimulazioa eta prestakuntza zaintzaileei etxeetan” lelopeko egitasmo aitzindaria. Horren helburua da "gaixoaren autonomia handitzea mugimenduen bitartezko ariketa kognitiboen bitartez, zaintzailearen sentsibilizazioa eta parte hartzea handitzen den heinean".
Gaixoa bere ingurunetik atera gabe zaintzen dutela da programaren abantailarik handiena: "psikologo profesionalen talde batek etxez etxeko zerbitzua ematen du, zaintzailearen eta gaixoaren egunerokotasunaren ezaugarri guztiez jabetuz. Horrela familiek ez dute inongo aldaketarik egin behar bere bizitzan programa honetan parte hartzeko, eta bide batez, psikologoak informazio baliotsua lor dezake ingurunean bertan", azaldu dute udal iturriek. Informazioa banatu, eta interesatutako taldeekin batzarrak izan eta gero, 50 pertsona izan ziren programan izena eman zutenak, gehienak Gizarte Zerbitzuetako datu basetik eratorriak.
Gaixo eta jagoleak
Tratamendua jarraitu duten nagusien profila hurrengokoa da: emakumea (%72), 80 urte baino gehiagokoa (gutxienez 72 eta gehienez 99), ezkonduta (%64), oinarrizko ikasketekin (68%), seme-alabekin (3 batez besteko), urte batetik hirura gaixorik, narriadura kognitibo moderatu-larria, eta funtzioen dependentzia arinekoa. Bestetik, jagolearen profila honakoa da: emakumea (%87.5), batez beste 57 urtekoa, ezkondua (%75),oinarrizko ikasketekin (%41.7), bere osasuna ona bezala duena, eta hiru urte baino gehiago gaixoa zaintzen, egunean zortzi ordu baino gehiago.
Esperientzia baikorra
Parte hartutakoen iritzia programa amaitutakoan oso baikorra izan da: emandako batez besteko nota 9,32 puntutakoa izan da, 0tik 10era arteko eskalan. Eurek azpimarratutako aspekturik onenak profesionalen lan ona, informazioa eskatzerakoan izandako erantzun azkarra eta eraginkorra, eta gaixoaren familiarentzat egindako plana izan dira. Profesionalek, bestetik, Leioako gaixoen ahalmen kognitiboa igo egin dela baieztatu dute, eta esan bezala, mantentzearekin bakarrik arrakastatsua suertatuko zen programa.
Familien iritzi hauetan hainbat aspektu deigarriak aurkitu dituzte profesionalek. Adibidez, narriadura kognitibo arina duten gaixoek saio luzeagoak nahiago dituzte, eta larriak, berriz, laburragoak baina maiztasun handiagorekin. Honek gaixoen kontzentrazio maila ezberdinak zehazten ditu. Aspektu hauek kontutan izateaz gain, programa eraginkorra izan dela baieztatu dute profesionalek, batez ere parte hartutako familiek gaur egun, programa amaitu eta gero, euren eguneroko ariketekin jarraitzen dutelako, astean 102 orduz hain zuzen.
Emaitza eta iritzi horiek kontutan hartuta, Leioako Gizarte Zerbitzuek hilabete batzuk barru martxan jarriko duten programa berria hobetuko dute. Adibidez, ohean diren gaixoentzat fisioterapia profesional baten laguntza izatea.