Jabi Zabala: "Bilbo Hiria Irratia, beharrezkoa den ahotsa"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko ots. 6a, 12:48

Behean sinatzen dugunok Bilbo Hiria irratiko kolaboratzaileak gara. Bertatik bertara emititu eta Bilbo metropoli osoan entzun daitekeen euskarazko irrati bakarretakoa da Bilbo Hiria irratia, baina, aldi berean, pluraltasun eta irekitasun handiko komunikabidea ere bada, zalantzarik gabe. Gu geu ere bagara horren isla; irratiak bizi duen momentu latz honetan, hain zuzen ere, gure ahotsa ere entzunarazi nahi dugu. Herri ekimenetik sortutako irratia da Bilbo Hiria; bertako langileek egunero erakusten dute euskara, kultura, komunikazio eta informazioarekiko engaiamendua; aldi berean, entzutea baino ez dago euren profesionaltasuna antzemateko, bai uhinetarako bertsioan eta bai Interneten eskegitzen duten programazio oparoan ere. Kolaboratzaileok urteak daroatzagu (batzuek gehiago, beste batzuek gutxiago) gure bizipen, hausnarketa, irizpide eta balorazioak eskaintzen, ez beti nahi bezain zorrotz, baina beti Bilbo Hiria Irratiarekiko sentiberatasunarekin biziki eskertuta. Argazkian, Rafa Rueda musikaria, ezkerrean, Bilbohiria.com irratiko Soinugela saioan, 2006an, Xabier Monasterio eta Pedro Elias Igartua kazetariekin / Jabi Zabala.

Ederki dakigu guk gure mezuek askotan ez dutela biderik topatzen komunikabide handi eta konbentzionaletan. Entzuleekin han-hemenka ditugun kontaktuengatik badakigu, ondo jakin ere, jende askok eskertzen duela Bilbon eta ziberespazioan jorratzen ditugun gaiei buruz entzuteko parada izatea.

Orain, berriz, Bilbo Hiria Irratia desagertzeko arrisku bizian dago, Bilboko Kafe Antzokian sortzen diren sosak baitira bere diru iturri nagusia. Bai, Bilbo metropoliko euskaldunei Bilbo Hiria irratiak eskaintzen digun zerbitzu publikoa Zenbat Gara Elkartearen ekimenetako bat da, beste asko bezala, Kafe Antzokian lan handiak eginez lortzen duten diruarekin gauzatzen dena.

Horregatik dei egiten diogu egun Bilboko Kafe Antzokia ixteko mehatxua mantentzen duen Bilboko Udalari bertatik sortzen diren kultura zerbitzu publiko ugariak mantenduz eta ostalaritza zerbitzu baten kasuan arrazoizkoak diren segurtasun kontuak bermatuz akordio batera heltzeko bidea egin dezan, daukagun informazioaren arabera, uste baitugu adostasun horretara ailegatzea guztiz posiblea dela, borondate politikoa egonez gero, behintzat.

Honekin batera dei egiten diegu euskara, kultura, komunikazioa eta informazioa bermatu eta bultzatu behar duten beste instituzio publikoei –hala nola Bizkaiko Foru Aldundia zein Eusko Jaurlaritzari- afera zail honetan zubi lanak egin ditzaten, beti ere eskuragarria den akordio hori lortze aldera.

Artikulua Jabi Zabalarekin kazetari gorliztarrarekin batera Bilbo Hiria irratiko honako kolaboratzaileek argitaratu dute gaur irratiaren bitakoran: Xabier Aierdi (EHUko irakaslea), Marie Agnes Gorostiague (Irulegi Irratia), Anartz Bilbao (GARAko kazetaria), Luis Guridi (EHUko irakaslea), Alvaro Hilario (Kazetaria), Ainhoa Markinez (irakaslea), Txuma Murugarren (Musikaria), Txabi Landabidea (kazetaria), Mikel Asurmendi (ARGIAko kazetaria); Agus Pérez (Antzerki kritikaria), Mikel Urbeltz (kultur kudeatzailea), Gotzon Hermosilla (BERRIAko kazetaria), Izaskun Larrabeiti (irakaslea), Agin Rezola (kazetaria), Jon Miranda (Txolarre Irratia), Eleder Aurtenetxe (itzultzailea), Joxe Rojas (Topagunea), Ismael Manterola (EHUko irakaslea), Patxi Gaztelumendi (Kazetaria), Galder Pérez (aktorea), Ane Zabala (kazetaria eta aktorea); Jose Luis Segura (EKAko prentsa arduraduna), Oier Iruretagoiena (musikaria), Josu Larrinaga (EHUko irakaslea), Hektor Ortega (Kazetaria), Joseba Barandiaran (Ekonomilaria), Jojo Bidart (Irulegi Irratia), Arantza Madariaga (irakaslea), Jon Iñaki Artetxe (postaria), Ane Aristi (Kazetaria), Pepe Aizpuru (Euskal Irratiak), Mikel Etxebarria (Radiokultura), Eneko Olazabal (zinemagilea), Mikel Bujanda (Euskalerria Irratia), Iñaki Barcena (EHUko irakaslea), Lon Gorka Fernandez (teknikaria) eta Pedro Elias Igartua (irakaslea eta kazetaria).
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun