Fredi Paya: "Jaun Zuria"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko ots. 6a, 13:17

Britainia Handiko klase akademikoak geroz eta gehiago begiratzen digu euskaldunoi, edo proto-euskaldunei (inork baldin badaki horrek zer esan nahi duen), euren irletako lehenengo biztanle gisara. Froga genetikoak, emigrazioaren logikak, aurkitutako gorpuak... guztiak doaz norabide berean. Erromatarrek "pictus" deitzen zieten, eta zeltek lehenagoko biztanleak, apurka-apurka iparraldeko mendietara eraman zituzten jende horiei. Badakigu itzultzaileak behar zituztela bai batzuek eta bai besteek Nesh lakuaren inguruan bizi zen piktoen erregearekin mintzatzeko. Hots, ez zirela ez zelta ez eta latinoak ere. Aymeric Picaudek bere XII. mendeko idatzietan dio euskaldunok orduko eskoziarren moduan janzten ginela, gauza jakina ei zelako herri biak jatorri berekoak ginela. Zeinu idatzidun megalitoak eta euren borrokarako gaitasuna dira jatorrizko britainiarrez geratu zaizkigun zantzu bakarrak. Normandoen inbasioetan konkistatu zituzten, IX. mendean, zelten laguntzaz sortutako pintza efektuaren bidez. Kondairak dio afari batean mozkortu eta hil zituztela zeltek piktoen buruzagiak, normandoen aurkako elkarkidetza sinatzera zihoazenean. Argazkian, Jaun Zuria, Gernikako Juntetxean dagoen XVI. mendeko olioaren arabera.

Kurioski, IX. mendean Eskoziako errege baten alaba agertu ei zen gure lurretan. Erregearen itzulera gaia duten herri ipuinekin lotutako ezaugarri eta aldaera guztiak azaltzen dira agerpen horren atzean: arriskutik ihes uraren bidez, ustezko aitaren heriotza, "Sugarrek" ama haurdun utzi izana... Eukene Markaidak batutako "Jaun Zuriano" baladan Ulisesen mitoa eta literatura Arturikoa agertzen dira batera. Argigarri bezain kuriosoa hau ere.

Ez dakit zer dela-eta iruditzen zaidan Mundakara IX. mendean heldu zen printzesa eskoziarrak oso ondo zekiela nora zetorren eta zergatik.

Fredi Payak gaur "Berria" egunkarian argitaratutako artikulua
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun