Urtzi Vidal, Lidia Barcena eta beste 11 lagunak aske utzi ditu Garzonek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko ots. 6a, 16:09

Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak aske utzi ditu Urtzi Vidal Astobiza, Lidia Barcena Aurrekoetxea eta D3M eta Askatasuneko beste 11 kide ere. Erabakia "erakunde terroristako kide" direlakoan asteartean auziperatu zituen 13 lagunak galdekatu ostean hartu du 5. Instrukzio epaitegiko magistratuak. Galdeketak goizeko 10etan hasi behar zituen baina, azkenean, 11:30ean abiatu ditu D3Mko 8 kideekin, albiste-agentziek zabaldu dutenez. Ondoren izan da Vidal eta Askatasuneko beste lau kideen txanda. Agentziek jakinarazitakoaren arabera, Barcenak eta D3Mko besteek uko egin diote deklaratzeari, ordezkari politikoak baino ez direla esanez. Arratsaldeko 1etarako guztiak Euskal Herrirako bidean bazeuden ere, Garzonek pasaportea kendu die Askatasuneko Jose Antonio Munduateri eta Xabier Isasiri baita D3Mko Fernando Antia arabarrari ere. Era berean, astean behin epaitegian sinatu beharko dute. Bestalde, bi alderdien jarduerak etengo dituenetz asteartean, otsailak 10, erabakiko duela iragarri du Garzonek. Gaur eta bihar, berriz, mobilizazioak izango dira Euskal Herrian zehar. Uribe Kostan, D3Mk ekitaldi politikoa egingo du 20:00etatik aurrera Algortako Telletxe plazan, Itziar Lopategi Bizkaiko zerrendaburua bertan izango dela. Mitinaren ostean manifestazioa egingo dute. Argazkian, Lopategi pasa den urtarrilaren 31n Donostiako Kursaalen egindako mitinean / D3M.

Dagoeneko auziperatuek zer zoria izango zuten jakin aurretik, atzo D3Mk agerraldi berezia egin zuen, hautesle elkarteko kideei zein Askatasuneko partaideei eta aurreko asteko sarekadaren ondorioz kartzelan dauden lagunei babesa eta elkartasuna adierazteko. Era berean, gogoratu zuten lan politikoa baino ez dutela egiten eta dituzten arma bakarrak hitza, boligrafoa eta papera direla zehaztu zuten.

Agerraldiaren bideoa



Bestalde, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak Espainiar Estatuan demokraziarik ez dagoela salatu du, baita Euskal Herrian milaka eta milaka pertsona eskubiderik gabeko herritarrak direla salatu ere. Gaur D3Mko hainbat hautagaik Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratu behar izana saltzeko eta horiei babesa emateko hainbat mobilizazio egingo dituzte.

Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren oharra:

Gaur, ostirala, egitekoak diren mobilizazioak

- Azpeitian arratsaldeko 19:30etan manifestazioa aterako da herriko plazatik.
- Barakaldon arratsaldeko 20:00etan aterako da manifestazioa bide onetik.
- Donostiako Egia auzoan arratsaldeko 19:00etan asanblada eta manifestazioa.
- Pasai Antxon elkarretaratzea arratsaldeko 20:00etan.
- Deustuko San Inazio auzoan: 19:00etan Levante plazan.
- Bilbo Zaharran: 19:00etan Mariaren Bihotz plazan.
- Bilboko Zorrotza auzoan: 19:00etan errotondan.
- Bilboko Santutxu auzoan: 20:00etan Ritxi plazan.

Bihar, larunbata, egitekoak diren mobilizazioak

- Donostia mailako manifestazioa arratsaldeko 18:00etam Bulebarretik abiatuta.
- Bilbon, 18:00etan Eliptika plazatik abiatuta manifestazioa.
- Arrasaten manifestazioa arratsaldeko 18:00etan.

Donostiako ezker abertzalearen oharra:

Estatu espainiarra bere makineria juridiko-polizial guztia erabiltzen ari da ezker abertzalea ezabatu nahian. Horrela, bere estrategia errepresiboa muturreraino eramaten ari da sektore independentista martxoaren 1ean presente egon ez dadin; 8 lagunen atxiloketa, 13 lagunen inputazioa eta deklarazio hartzea erakunde terroristako kide izatearen akusaziopean, espioitza politikoa, segimenduak, miaketak, mehatxuak... Baina beste behin ere oker daude. Ezker abertzalea presente egongo baita martxoaren 1eko hauteskundeetan, eta milaka eta milaka bozka lortuko ditu beste behin ere.

Horregatik hainbat mobilizazio egingo dira Euskal Herriaren luze zabalean. Bihar, otsailak 7, larunbata, manifestazioa egingo da "Salbuespen egoerari STOP! Demokrazia 3.000.000" lelopean. 18:00etan abiatuko da Bulebarretik.

Ez gaituzte geldituko! Irabaziko dugu!!!
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun