Koikili Lertxundik berak gaurko prentsaurrekoan esan duenez, “entrenatzaileei euskaraz egiteko beldurrak kentzen lagunduko diete, euskara komunikazio hizkuntza bihurtzeko. Hitz teknikoak biltzen dituen gida ere emango diegu eta Athleticen eta hedabideen inplikazioa ere lortu nahi dugu euskarari prestigioa eman ahal izateko”. Hain zuzen ere, Bilboko klubaren babesa izango du ekimenak. Parte hartuko duten ume eta entrenatzaile guztiek Lezama bisitatuko dute eta Athleticen jokalariekin egoteko aukera ere izango dute, ekimenaren amaieran.
Aurrerantzean beste kirol batzuekin gauza berbera egiteko asmoa du Euskara Zerbitzuak. Urrian pilotarekin hasiko dira. "Kasu horretan pilotari ospetsu bat arituko da kirol horretan ari diren entrenatzaile eta umeekin”, azaldu du Komunikazioko zinegotziak. Horri lotuta, “Hartu eta pasa, entrenamenduetan euskara” hitzaldiak edo entrenatzaileen prestakuntza saioak ere izango dira. Lehengo biak martxoaren 24 eta 25ean izango dira Algortako kultur aretoan.
Bestelako ekimenak
Getxoko kirol elkarteek euskaraz eskaintzen dituzten entrenamenduak jasotzen dituen "Kirola Euskaraz" gida, ekainerako, udal webgunean eskegitzeko asmoa daukate tokiko arduradunek, "gurasoek hurrengo ikasturtean zein aukera edukiko duten jakin dezaten". Gidaliburua 6 eta 16 urte bitarteko seme-alabak dituzten aita-amei dago zuzenduta. Iaz, paperean argitaratu zuten. Horren bitartez, kirola euskaraz egiteko aukera badagoela erakutsi nahi dute; elkarteen ahalegina nabarmendu ere.
Bestalde, entrenamenduetan euskararen erabilera sustatzeko, Getxoko Udalak atal berri bat sortu du kirol elkarteei ematen dizkien ohiko diru laguntzen deialdian. Horren bidez, 8 eta 14 urte bitarteko neska-mutilekin diharduten entrenatzaileen lana sustatuko da. Eskaerak aurkezteko epea datorren otsailaren 14ra arte egongo da zabalik. Azkenik, bost kirol poster argitaratuko ditu Euskara Zerbitzuak -futbola, saskibaloia, arrauna, eskupilota eta luzatze ariketei buruzkoak- eta bakoitzean jokaldi eta hitz ezagunak agertuko dira. Bestalde, aita-amei begira, "aupa oihuak" jasotzen dituen egutegia kaleratuko dute, datorren ikasturterako, umeak ikustera joaten diren gurasoek euskaraz animatu dezaten.