Helburu horiek guztiak zabalduta dagoen "krisialdiak baldintzatuta" daude, udal agintariaren hitzetan. Horrek suposatuko du, besteak beste, “Udalkutxatik, hau da, Bizkaiko Foru Aldundiaren diru-sarreren soberakinetik sartzen den diru kopuruaren murrizketa; baita Udalak herritarrengan eta enpresengan dagoen presio fiskala moteltzea ere”, Landak aurreratu duenez. Ildo horretan, atzo Luis Almansa Getxoko PSE-EEren bozeramaileak aurreratu bezala, Udalak tasak jaitsiko ditu: besteak beste, zarama bilketagatik %30 gutxiago ordainduko dute herritarrek eta %35 gutxiago dendek eta enpresek. “Jaitsiera hau arrazoituta dago”, esan du alkate getxoztarrak, “unean bizi dugun ezohiko krisialdian eta herritarrei Getxon ezinbestekoa den merkataritza sektoreari lagundu nahi diogula, mezu hori helarazteko”. Hala ere, jaitsiera hori ez da inondik inora heltzen, sinaduren bitartez ehunaka herritarrek eskatutako %86ra; Iñaki Zarraoa alkate zela zarama tasa igotzea erabaki zuten beste horrenbestera, alegia. Ezarritako helburuak lortu ahal izateko Getxoko Udalak “arrazoizko” zorpetzeari ere ekingo dio, "legeak ezartzen duena baino maila askoz txikiagoan", eta hori, “Udalak azken urte hauetan egin duen kudeaketa bikainari esker, oso egoera ekonomiko onean dagoelako”, Landak dioenez.
Zorpetzea
Aurtengo udal aurrekontua 100.670.018 eurokoa da (iaz baino %3,66 gehiago). Diru sarreren murrizketari eta zerbitzuen mantenuari aurre egiteko, udalerriaren garapenerako beharrezkoak diren inbertsioak egiten jarraitzeko, eta sustapen ekonomikorako aurreikusitako ezohiko plan bat aurrera eramateko, 6,3 milioi euroko zorpetzeari ekingo dio (aurrekontuaren %6,26) Getxoko Udalak. Zorpetze hori hurrengo urteetan mantenduko da, nahiz eta txikiagoa izan, udalerrian "estrategikoak" diren bi proiektu handi aurrera eramateko: Algortan Getxo Antzokia eraikitzeko eta Itzubaltzeta / Romoko Santa Eugenia plazan kultur etxea egiteko. "Horrela, bi egitasmo horiek euren bideragarritasun ekonomikoa ziurtatuta izango dute", Landak aipatu duenez.
Giza politikak garatzeko 18.488.858 euro erabiliko ditu (aurrekontuaren %18,4%) tokiko erakundeak. Udalerriko sustapen ekonomikorako, berriz, 6.420.218 euro. Arlo horretan azpimarratzekoa da Getxoko ekonomia sustatzeko egingo den ezohiko programa batean erabiliko diren 3.250.000 euroak. Azkenik, eta udalerri osoa hobetzeko, 15 milioi euro erabiliko dira –bertan ez dira proiektu estrategikoak sartzen, urte anitzetan finantzatuko direnak–. Horri guztiari gehitu behar zaio hain zabala den eskaintza kulturala eta kirol arloan mantenua, arlo ezberdinetan lan egiten duten elkarteentzako laguntzak, eta euskal kulturaren aldeko, eta euskararen normalizaziorako eta sustapenerako "apustu garbia".