Urdulizko ospitalea 2012an zabalduko dute

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko ots. 6a, 19:29

Aurreikuspenen arabera, abenduan ekingo diote Uribe aldeko ospitalea eraikitzeari. Horretarako, 13.167 metro koadroko orubea eman dio Osakidetzari Urdulizko Udalak, Andra Mari elizatik gertu. Zentro berriak 33.000 metro koadro eta 160 ohe izango ditu, lau eremutan banatuta. Hori eraikitzeko 40 milioi euroko aurrekontua izango dute eta 2012rako amaituta egotea espero da. Urdulizeko ospitale berriak 110.000 herritar ingururi emango die zerbitzua; Barrika, Berango, Gorliz, Lemoiz, Plentzia eta Sopelako bizilagunak ere tartean direla. Gainera, Algortako herritarrei ere zerbitzua eskainiko diete bertan. Itzubaltzeta / Romo, Neguri, Areeta, Leioa eta Erandioko lagunek, ordea, Gurutzetako ospitalera joaten jarraitu beharko dute, "hurbiltasun kontuengatik egokiagoa" delako, Gabriel Inclan Osasun sailburuaren arabera. Argazkian, Inclan eta Juan Olea Urdulizko alkatea, erdian, gaurko prentsaurrekoan.

Kokapen geografikoagatik eta, metroz zein errepidez, dituen garraio loturengatik aukeratu dute Urduliz, Inclanek zehaztu duenez. Zallan egin nahi dutenarekin batera, egun Gurutzetan ematen den “karga arintzeko” balioko du Urdulizko ospitaleak, Osasun sailburuaren hitzetan; baita herritarrei osasun zerbitzua “hurbiltzeko” ere. Hala ere, erietxe biak "Gurutzetakoaren menpe" egongo dira. Bitartean, Juan Olea alkate urduliztarra pozik agertu da egitasmoarekin. Gainera, udalerriko merkataritza suspertuko duelakoan dago tokiko agintaria. "Jende ugari igaroko da Urduliztik eta guzti horiei zerbitzua eman beharko diegu", aipatu duenez.

Zerbitzu eraginkorra

Gabriel Inclanek azaldu du Urdulizko erietxeko zerbitzu gehienak “kalitate, formazio eta inbertsioan” oinarritutako zerbitzu “eraginkorra” eskaini nahi dutela. Ospitaleak era guztietako zerbitzuak eskainiko ditu. Guztira, 2.504 metro koadro erabiliko dituzte larrialdi zerbitzuetarako eta, urtean, 45.000-50.000 larrialdiri aurre egitea aurreikusi dute. Horretarako, larrialdi zerbitzu orokorra, traumatologia, suspertze gela bat, radiodiagnosia, larrialdietako analisi klinikoak, heliportu bat eta zaintza berezietako unitate mugikorra izango dute, besteak beste. Bestalde, 2.504 metro koadroko kirurgia eremua jarriko dute, urtean 3.200 ebakuntzatik gora eginteko. Horretarako, zazpi ebakuntza-gela, anestesiaren ondorengo erreanimazio unitatea eta esterilizazio unitatea egongo dira.

Radiodiagnosi eremuak, berriz, 1.340 metro koadroko azalera beteko du eta TACa, telemandoa, ortopantomografia, mamografia eta ekografia orokor zerbitzuak eskainiko ditu, besteak beste. Gainera, ospitale berriak 1.328 metro koadroko errehabilitazio gunea izango du, 350 metro koadroko gimnasioa eta guzti. Hemodialisi zerbitzuaren bitartez, berriz, terapia behar dutenen “etengabeko joan-etorriak” ekidin nahi dituzte. Horretaz gain, kontsulta-gunea, ospitaleratzerik behar ez duten tratamenduentzako eguneko ospitalea, 240 tokitako parkinga eta kafetegia izango ditu Urdulizko erietxeak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun