Leioako Udalak lankidetza hitzarmena sinatu du aste honetan
Eusko Ikaskuntzarekin. Horrekin, erakunde biek elkarrekin lan egiteko konpromisoa hartu dute, "Euskal Herriaren nortasuna sendotzearen alde", tokiko iturriek adierazi dutenez. Urteroko kuota baten truke hainbat abantailez gozatuko du Leioako Udalak: Eusko Ikaskuntzaren argitalpen bildumaren 420 ale dohainik jasoko du, eta Eusko Ikaskuntzak urtero argitaratzen dituen liburu berrien ale bana emango dio, besteak beste. Gainera, leioaztarrek ere onurak izango dituzte: Eusko Ikaskuntzak antolatzen dituen ikastaroetan eta hitzaldietan, %40eko deskontua izango dute. Asmoz fundazioaren kongresu, jardunaldi eta horrelakoetan ere %15eko beherapena egingo diete. Azkenik, Udalaren eta Eusko Ikaskuntzaren artean adosturiko kultur ekintza bat prestatuko da urtean behin. Argazkian, Leioako udaletxea.