Txalaparta doinuak lehendabizi, bertsoak gero eta hizlariak azkenik, Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aurrean aurkeztu behar izan ondoren Madrildik zetozen lagunak gogoan izan zituzten, atzoko ekitaldi politiko eta manifestazioan; baita espetxean dauden zortziak eta gainontzeko euskal preso politikoak ere. Garzonek aske utzi ondoren etxean eman zuten gaua Urtzi Vidal leioaztarra eta Lidia Barcena erandioztarra. Hala ere, Eli Zubiaga algortarrak eta Iker Rodrigo lutxanarrak preso jarraitzen dute, Kordobako eta Toledoko Ocaña II espetxeetan, hurrenez hurren. "Plataforma aurkeztu genuenetik, Espainiako Estatuaren obsesioa izan da ahalegin guztiak egitea ezker abertzalea hauteskundeetan egon ez dadin. Egia da egoera larria dela, baina guk aurrera egingo dugu", adierazi zuen Christian Reinickeren ondoren hitza hartu zuen Itziar Lopategi D3Mren ordezkariak. Martin Scheinin Nazio Batuen Erakundeko behatzaile bereziak argitara emandako txostena ere aipatu zuen berak, "non auzitan jartzen den Madrilgo Gobernuaren jokabidea eta araudia", hauteskundeetatik hautagaitza jakin batzuk baztertzeko orduan.
Gure delitua
"Gu behin eta berriro salatzen ari gara hori, behin eta berriro exijitu dugu horri buelta ematea; baina salatzeaz gain, guk proposamena jartzen dugu mahai gainean, irtenbide bat jorratu eta landu nahi dugu", Lopategik adierazi zuenez. Hain zuzen ere hori da, D3Mren ordezkariaren arabera "gure delitua", hau da, "herri honetarako benetako demokrazia ekartzeko konpromisoa, Euskal Herria aitortua eta errespetatua izan dadin, bere eskubide nazionalak aintzat har daitezen". Hori lortzeko, euskal herritar guztiei, "hiru milioi biztanleei", hitza ematea proposatzen du D3Mk, "herri honek libreki erabaki dezan". Lopategiren arabera, "inor ez da gelditu behar bultzatu nahi dugun prozesutik kanpo, ez diogu herritarren hitzari beldurrik. Gainera, gure proposamena ez da baztertzailea, beste batzuek bultzatzen duten apartheid-a ez bezala. Eta, horretan, guk defendatuko duguna Euskal Herri independentea eta sozialista izango da, noski".
Ildo horretan, demokrazia hitza darabilen bitartean, "alderdia loditzen" jarraitzea leporatu zion EAJri D3Mren ordezkariak. "EAJren demokrazia da ondo kokatzea Madrilen, alderdia loditzeko bitartekoak lortzeko. Hori baino ez die axola", kritikatu zuen Lopategik. PSOEri, berriz, "behingoz Frankismoa atzean uzteko" exijitu zion. "Ez gaude prest gurekin akabatzeko ahaleginak jasaten jarraitzeko. Are gutxiago erabiltzen dituzten bitartekoekin", gaineratu zuenez. Lopategiren arabera, horretan datza PSOEren "ahulezia": "arrazoiarekin ezin dutenez, indarra eta errepresioa erabiltzen dute. Honek Francoren garaiko egoerarekin antza badauka. Estrategia faxistak baino ez dira".
EAJri eta PSOEri "engainu gehiagorik ez" ozen esateko, indarrak metatzera deitu du euskal jendarte osoa D3Mk. "Martxoaren 1ean lortu behar dugu gure bozekin betetzea hautestontziak. Hori izango da, berriro ere, garaipen eta urrats garrantzitsu bat nahi dugun aldaketa hori lortzeko eta ziklo berriari ateak irekitzeko", amaitu zuen Lopategik.