Getxoko aurrekontuen akordioa Ibarretxe eta Lopezen arteko hitzarmenaren "aperitibotzat" jo du Basagoitik

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko ots. 9a, 12:01

Antonio Basagoiti PPren lehendakarigaiak ohartarazi duenez, "aldaketarako botoa eskatu arren, martxoaren 1etik aurrera gehien komeni zaiona egingo du PSE-EEk; hau da, beti bezala, EAJri axola zaiona". Areetako Andres Isasi musika eskolan eskainitako ekitaldi politikoan egin zituen adierazpenak, atzo, Basagoitik. Bertan, Esteban Gonzalez Pons Espainiako PPren komunikazio idazkariorde eta Madrilgo Kongresuko diputatua, Anton Danborenea Bizkaiko PPren presidentea eta Marisa Arrue Getxoko PPren burua izan zituen lagun. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako PPren presidentea Getxoko udal aurrekontuen gainean PSE-EEk eta EAJk lortutako akordioaz aritu zen, hori "Ibarretxe eta Patxi Lopezen arteko hitzarmenaren aperitibotzat" joz. "Ahal badu, bere botoak Ibarretxeren zerbitzura jarriko ditu Lopezek, hauteskundeen ostean. Getxokoak Lopezen gezurrak agerian utzi ditu", gaineratu zuen Basagoitik. Argazkian, Basagoiti atzoko ekitaldian. Argazki gehiago ikusteko, sakatu hemen.

200 bat herritarrek, gehienak adinekoak, entzun zituzten buruzagi popularren hitzak, segurtasun neurri handien artean. Haien artean, Carlos Iturgaitz eurodiputatua, Leopoldo Barreda legebiltzarkidea Gasteizko ganberan, Ignacio Astarloa diputatua Espainiako Kongresuan eta Uribe Kosta eta Erandioko hainbat zinegotzi. Esate baterako, Javier Ruiz Erandioko bozeramailea edo Getxo udalerriko Raquel Gonzalez, Jesus Toca-Toña eta Eduardo Andrade zinegotziek ere jarraitu zuten mitina.

Alderdi politiko gehienek ohitura bihurtu duten moduan, oholtzan gazte, heldu eta agure irribarretsuak jarri zituzten hizlarien atzean telebistan eta argazkietan agertzeko. Hogei jarri zituzten guztira, 13 gizonezkoak eta 7 emakume. Tartean, neska gazte beltz bat eta Down sindromea duen mutila. Publiko artean PPren banderatxo urdinak banatu zituzten eta dekoratuan testu guztiak elebidun ageri ziren. Diskurtsoetan, baina, agurrak, abizenak eta euskal lurraldeen izenak kenduta, hitz bakarra entzun zen euskaraz: "lehendakari". Kasu guztietan, Antonio Basagoiti aipatzeko. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako lehendakaria, berriz, ez zen "Ibarretxe"tik igaro.

"Sozialistak ez dira fidatzekoak"

Egoera horretan, giroa pizten lehena Marisa Arrue izan zen. Bera Luis Almansa Getxoko PSE-EEren bozermailea eta bere alderdiaren aurka izan zituen hitz lodienak. Aurrekontuak Landa eta EAJrekin hitzartu izana gaitzetsi zien eta gogoratu zuen, PSE-EEk zerga eta tasen aferetan egindako proposamenen aurka ere joan dela azken akordioa direla medio. Hitz gutxitan laburbildu zuen Getxon gertatutakoa: "PSOEk botoak oparitu egin dizkio EAJri". Eta berak ez ezik getxoztar guztiek eskarmentu handia eskuratu dutela zabaldu zuen: "ez gaituzte berriz engainatuko. Patxik aldatu nahi duen bakarra bere jesarlekua dela jakin badakigulako. PSOEk gauza bat esan, kontrakoa egin eta, gainera, lasai asko gelditzen dira". Horregatik aretoan ez zeuden PSOEko "zinezko" boto emaileei, "nazionalistak joanaraziko zituztela" uste zutenei, Basagoiti babestea eskatu zien. Izan ere, Arrueren arabera, "konplexuengatik, ausardia faltagatik edo ez dakit zergatik" Zapateroren alderdikoek ez daukate nazionalistak utzarazteko asmorik.

Getxon Almansak bide horretatik egindakoak ere aletu zituen Marisa Arruek: "alkate nazionalista izatea bermatu zuen, bere babesa eman dio, Euskadi osoko tasarik altuenak onartu ditu... eta bihar 8.000 etxebizitzak onartuko ditu Getxon", bota zuen hipotesi gisa. "Sozialistak ez dira fidatzekoak", laburtu zuen zuen. Langabezia Getxon duen hazkundea ere Almansa eta PSOEri leporatu zien. Eta horren aurrean, aldaketa bakarra PPrengandik etor daitekeela esan zuen. Azkenik, "PPk zinegotzi gehien duen euskal herria da Getxo eta martxoaren 1ean berriz ere erantzungo du, ahal dugula badakigulako", bota zuen Obamaren "Yes, we can" esalditik gertu.

Boto lapurrez beldur

Bestalde, Anton Danboreneari egokitu zitzaion PP biktima moduan aurkeztea: "ez daukagu kanpaina egingo diguten hedabiderik, baizik eta kontrakoa, badaude hainbat hedabide ordezkaritza duten alderdi batzuei kanpaina egiten, baita ordezkaritza ez dutenei ere". Hortaz, eta Vocento taldea, "El Mundo", Cope, Intereconomia, VEO, La Razon eta enparauak arerioekin lerrokatu ei direlakoan eta PPk propagandan erabiliko dituen milioika euro ahaztuta edo, "gure kanpaina ahoz-ahokoan eta zuzeneko kontaktuan oinarritzen da" esan zuen Bizkaiko PPren presidenteak. Estrategia horretan, "gure lehenengo lana hautes-mahai guztietara ahaldunak eramatea izango da, botoak lapur ez diezazkiguten, aurreko hauteskunde batzuetan bezala".

Ondoren, beste hizlari guztiek bezala, PSOE kritikatzeari ekin zion: "PSOEk bi mezu nagusi ditu: aldaketa, gezurra dela eta topagunea, Basagoitik esan zuzenez, INEM dela". Bestalde, Ibarretxeri PSE-EEk egiten dizkion kritikak "ezinezkotzat" jo zituen, Gasteizko Legebiltzarrean EAJren aurrekontu guztiak bozkatu dituelako azken lau urteotan: "ez dute aldaketa izan nahi, ordezko pieza baizik, gauza bera egiten jarraitzeko, EAJ erakunde guztietara eramateko". Hori gerta ez dadin, PPk "emaitza onak eskuratzea" beharrezkotzat jo zuen.

"Lau txorizo ez dira Alderdi Popularra"

Esteban Gonzalez Pons Espainiako PPren komunikazio idazkariorde eta Madrilgo Kongresuko diputatuak, ordea, "juezak eta lapurrak, auzo makurrak" gaia bueltaka ibili zuen. Aurretik, kanpotik Euskal Herrira datozenak "lehenengo entzutera eta gero hitz egitera" datozela aipatu zuen eta, gainera, PPkoak direnak "ikastera gatozela, baita gogoratzera zer den PP, zer egiten dugun PPkook eta zergatik garen PPkoak". Hori aipatuta, gogoan izan zuen "gure alderdiaren izenari zabor asko botatzen ari zaiola" eta horren ardura leporatu zion "hedabideei eta PSOEren bitartekoei". Bere ustez, Galiziako eta EAEko hauteskundeak baino lehen PP erosionatzeko, krisialdi ekonomikoa ahazteko eta popularren krisia konpontzeko mezua isilarazteko estrategia baten barruan dago hainbat ustelkeria kasu zabaltzea eta epaileen sumario sekretuen filtrazioak edonon irakurri edo entzuteko aukera izatea. Horren aurka, eskumako alderdia babestu zuen: "PPkoa izatea politikan edonork , gutxienez Espainia maite duen edonork, egin dezakeen onena da". Eta azpimarratu zuen "lau txorizo ez direla Alderdi Popularra. PP ehunaka mila gizon eta emakume espainol ondradu, harro eta inkonformistak dira. Eta, gainera, Euskal Herrian jarraitzeko adibidea dira".

Iragarpenak egiterakoan, Gonzalez Pons hizlari zuhurrena izan zen. Beste guztiek irabaziko dutela edo "Basagoiti lehendakari" behin eta berriro zabaldu zuten bitartean, berak lasaiago jardun zuen: "Galizian irabaziko dugu eta Euskal Herrian erabakigarriak izango gara". Azkenik, "PSOE eta EAJ gauza bera" direla aipatu zuen. EAJri leporatu zion PSOEren politika ekonomikoa bere botoz babestea eta PSOEri EAJren "politika etnizistari" sostengua ematea: "edo EAJ-PSOE koalizioa bozkatzen da edo PPren aldaketari ematen zaio botoa". Krisialdi ekonomikoa gainditzeko konfiantza beharrezkoa dela nabarmendu zuen eta hautagaien artean konfiantza transmititzen dion bakarra Basagoiti zela aitortu zuen. Ibarretxeri berriz, ez zion bere autoa gidatzen utziko, eta bere medikua balitz bigarren iritzia eskatu beharko lukeela esan zuen. Auzokideen komunitateko presidentzia ere ez zion utziko, "auzotik independentzia aldarrikatzen arazoak konpontzen baino denbora gehiago emango lukeelako".

Abre los ojos

Ondoren, PPk hizkuntza politikari buruz egin duen bideoa proiektatu zuten, "Abre los ojos" (Ireki begiak) izenekoa. Mayor Orejaren garaiko mezu berberari jarraikiz, elebakar espainolak baztertzea leporatzen diote EAJ eta Ibarretxeri eta horren aurrean isilik gelditzea egozten diote Patxi Lopezi. Bideoak barre algarak eta txalo zaparradak eragin zituen, Anasagastik euskaraz ez dakiela edo PSE-EEn izena emateko kontu korrontea eskatzen dutela aipatzean. Txalo zaparrada hori baliatu zuen Basagotik taularatzeko, entzule guztiak zutik jartzea eragiten.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun