Abenduaren 5ean izandako lapurreta baten ondorioz izan zuen Ertzaintzak lehenbiziko salaketaren berri, Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Sailak zabaldu duenez. Egun hartan, Sopelan, goizeko hamaikak izateko minutu gutxi falta zirenean, gizonezko bat adineko gizon baten gainera joan zen atzetik eta, biktima jo eta lurrera bota ostean, belauna bularrean jarrita geldiarazi zuen. Hala, poltsikoak miatu ondoren, diru-zorroa ostu zion eta alde egin zuen. Ondoren, beste hiru salaketa jaso zituen Ertzaintzak eta hirurek aurreko lapurretarekin bat egiten zuten ezaugarriak zituzten: "jardunbidea bera zen eta biktimen ezaugarriak antzekoak ziren", polizia iturrien hitzetan. Lapurreta horiek Berangoko Kurtxe auzoan, abenduaren 18an; Getxon, Azkorri eta Galea lurmuturraren arteko pasealekuan, urtarrilaren 21ean; eta Azkorriko pinudian, urtarrilaren 30ean, jazo ziren.
Behin ikerketa abiatuta, eta aurkeztutako salaketak aztertu ostean, susmagarria abenduaren 2an Getxoko ertzain etxeko agenteek atxilotu zuten gizonezko bat zela ondorioztatu zuten ikerketaz arduratutako ertzainek. Kasu hartan, herritar batek Ertzaintza ohartarazi zuen, gizonezko bat Berangoko landa-etxe baten aldamenean aparkatuta zegoen auto baten barruan osten ari zelako. Polizia heldu zenean, gizonak alde egin zuen hesiak, baratzeak eta sasitzak zeharkatuta. Baina minutu batzuk geroago atxilotu zuten, ustez lapurreta egin zuen tokitik kilometro batera baino gehiagora. Atxiloketaren unean, aurka egin zien indarkeriaz agenteei, Herrizaingo Sailak dioenez.
Bestalde, atxiloketa horretatik aurrera, gizonezko hori urrian eta azaroan zehar Berangoko eta Sopelako hainbat landa-etxetan jazotako zenbait lapurretatan nahasita egon zitekeela aintzat hartu zuen Ertzaintzak. Une honetan, oraindik ikertzen dihardute froga erabakigarriak lortzeko. Gertakariak kontuan hartuta, agenteek susmagarria nor zen "ziurtzat" eman zuten eta hura, "delitu aurrekari ugari ditu lapurretak direla eta", Berango eta Sopela arteko lekuren batean ezkutatzen zela "argi" zeukaten. Hori dela eta, ikerketaz arduratutako ertzainek eremu horretako hustutako etxe guztiak miatu zituzten; baita susmagarria hartu zezaketen landa-etxolak ere. Azken gertakariak Aizkorriko pinudi barruan jazo zirenez, pinudi horretako tokirik hostotsuenean kokatutako etxolaren batean ezkuta zitekeela ondorioztatu zuten agenteek.
Sasitza artean
Hala, otsailaren 2an, miaketa egin zuten eta, sasitza itxi baten erdian, jende gutxien ibiltzen den pinudiko tokian, bat-batean egindako etxola bat aurkitu zuten. Etxolara hurbiltzerakoan (zailtasun handiekin lurraren baldintzak zirela eta), susmagarria agenteak zeudela konturatu eta ihes egiten hasi zen, sasitzak, sastrakak eta landaretza itxia zeharkatuta, Herrizaingo Saileko arduradunen hitzetan. "Toki horretatik ihes egiteko erakutsi zuen trebetasuna kontuan hartuta, susmagarriak eremua oso ondo ezagutzen zuela egiaztatu ahal izan zuten agenteek, baina ez zuten hura jarraitzerik izan", gaineratu duenez.
Azkenik, otsailaren 4an, beste lapurreta bat gertatu izanaren berri izan zuen Ertzaintzak. Kasu horretan, gaueko hamaikak aldera, susmagarria ustez etxeko atarian sartzera zihoan gizonezko baten gainera joan zen bere atzetik, lurrera bota zuen eta indarkeriaz bere arropak miatzen hasi zen, baina auzokide bat agertu zenez alde egin behar izan zuen.
Ertzaintzak gertakariaren berri izan zuenean eta lekukoak eskainitako laguntzari esker, patruilek susmagarria Larrabasterrako metro geltokian aurkitu zuten. Hala poliziak horren atzetik ibili ziren kale, ortu eta lursail partikularren artean. Azkenean, ertzainek susmagarria txalet batean estutu zuten; lapurra bertan ezkutatzen ahalegindu zen baina agenteek aurkitu eta lursail horretako landaretzaren artean atxilotu zuten. Atxiloketaren unean, susmagarriak indarkeria handiz aurka egin zien agenteei eta, ondorioz, lau ertzain osasun zentro batean artatu behar izan zituzten pairatutako zauriak zirela eta, polizia iturrien arabera.
Polizia egoitzara eraman zutenean, dagozkion eginbideak burutu zituzten eta ondoren, hilaren 6an, epailearen esku jarri zuten. Epaileak atxilotua segituan espetxeratzeko agindua eman zuen.