Maileguei dagokionez, %89 gaztelaniazko aleak izan dira eta gainerako %11, euskarazkoak. Gehien eskatu zituzten liburuak honako hauek izan ziren: gaztelaniazko helduen sailean, "El niño con el pijama de rayas" (J. Boyne); euskarazkoan, berriz, "SPrakoTranbia" (Unai Elorriaga). Haur sailean, "Harry Potter y las reliquias de la muerte" (H. K. Rowling) izan da libururik arrakastatsuena. Azkenik, bideotekan, gehien eskatu den filma "La boda del monzon" izan zen.
Iaz 308 egunetan egon ziren zabalik liburutegiak, asteko 48 ordu, hain zuzen ere. Ohi bezala, areto guztiek beren ordutegiak zabaldu zituzten azterketa garaietan, ikasleen eskariari aurre egin ahal izateko. Halaber, iaz 1.540 kide gehiago hartu zituzten liburutegiek eta urtea amaitu zenerako bazkide kopurua 20.287 lagunekoa zen. Horrezaz gain, aipatzekoa da liburu bildumaren gehitzea. Iaz 7.500 ale gehitu zitzaizkion eta, egun, 100.000 liburu dauzka. Gero eta arrakasta gehiago duen argazki bildumari dagokionez, 15.000 irudi bildu ditu dagoeneko.
Jarduerak
Lau egoitzetan eginiko lanaz gain, udal liburutegiek hainbat jarduera eta ekimen egiten dituzte irakurketa sustatzeko helburuaz. Horien artean Letren Terrazak (Udako Liburutegiak) eta Liburu Azoka nabarmendu dituzte tokiko arduradunek. Jarduera horiek 33.000 eta 30.000 lagun inguru erakarri zituzten, hurrenez hurren. Halaber, beste ekitaldi batzuk ere antolatu zituzten udal liburutegiek, hala nola Kontularien Kluba, literatura tailerrak, olerki-musika emanaldiak eta eskola bisitak. Horiez gain, berriagoak diren beste batzuk aipatu behar dira, esaterako, Bigarren Eskuko 2. Liburu Azoka. Bertan 10.000 euro baino behiago bildu ziren Ekuadorren proiektu solidario bat gauzatzeko. Iaz ere, Munduko Egunkariak ekimena abiatu zen lehenengo aldiz.