Metro Bilbao garraio enpresako azpiegiturak bisitatzen ibili da gaur Argentinako hiriburu Buenos Airesko garraio publikoaren arduradun nagusiak. Horretarako, Miguel Ortega eta Julio Ibarra tokiko metroko arduradunak izan ditu lagun Pablo Bereciartuak. Bisitaldian, Aginte Mahai Nagusia eta ardatz nagusiko geltoki batzuk ikusi dituzte. "Buenos Airesko ordezkaritzak Metro Bilbaoren kudeaketa ezagutzeko interes handia eduki du; bereziki azpiegitura berriak, ustiapen metodoa eta finantzazioari dagokionean", azaldu dutenez. Une honetan, garraio publikoaren sarea hobetzeko prozesu batean murgilduta dago Argentinako hiriburua. Buenos Airesko Gobernuak lurrazpikoen sarea zabaltzeko asmoa dauka. Egungo sareari F, G, H eta I lineak gehituko dizkio. Horrela, datozen urteetan 40 kilometro gehituko dira; 56 geltoki berri, hain zuzen. Sarearen zabalkuntzari esker, 1.100.000 bidaiari gehiago izango direla aurreikusi da. Argazkian, ezkerretik eskuinera, Jose Miguel Ortega Metro Bilbaoren Ustiapen zuzendaria, Olatz Candina Komunikazio eta Kanpo Harremanetarako burua, Pablo Bereciartua Buenos Airesko Gobernuaren Azpiegitura zuzendaria eta Julio Ibarra komunikazio eta Marketin zuzendaria.