Martin Etxegarai berangoztarrarekin batera, Olga Sanz eta Txabi Moreno preso sopeloztarrak ere joan zen ostiralean atera zituzten Zuerako (Zaragoza, Espainia) espetxetik, Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak
Etengabe bitakoraren bitartez jakinarazi duenez. Etxegarai Puerto IIra (Cadiz, Espainia) eraman zuten, Berangotik 995 kilometrotara alegia. Dirudienez, Sanz eta Moreno Valentziako espetxera eraman dituzte, Sopelatik 630 kilometrotara. Errepresioaren kontrako erakundeak adierazi duenez, "Ainara Frade bilbotarra ere Zuerako espetxetik atera eta Kordobara eraman dute egunotan, eta beharbada euskal preso politiko gehiago ere atera dituzte espetxe honetatik kartzela urrunagoetara eramateko". Azken orduko aldaketarik egon ezean, Zueran jarraitzen du Iñaki Bilbao urduliztarrak. Argazkian, presoen aldeko mobilizazioa Berangon.