Torturaren aurkako 7 mobilizazio izango dira ostiralean eskualdean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko ots. 10a, 12:46

Joxe Arregi Guardia Zibilak atxilotu zuen Madrilen 1981eko otsailaren 4an, eta bederatzi egun geroago, hilaren 13an, hilik atera zuten institutu militarreko kaserna batetik. Ostiral honetan betetzen dira 28 urte gertaera hartatik, eta hura gogorarazteko eta torturaren amaiera eskatzeko mobilizazio ugari deitu dituzte, egun horretarako, Euskal Herri osoan zehar. Besteak beste, arratsaldeko 8etan, Algortako Telletxe plazatik abiatuko da manifestazioa. Ordu berean, mobilizazioak izango dira Leioako Boulevardean, Berangoko Gudarien plazan, Itzubaltzeta / Romoko Kolasen, Plentziako "Pirulin", Sopelako frontoiaren aurrean eta Urdulizko BBVAren ondoan. "Gogoratu behar da 2008an 62 euskal herritar torturatu dituztela Espainiako poliziek eta horien artean eskualdean atxilotuak ere badirela", salatu du Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak. Guardia Zibilak "basatiki torturatu" zituela salatu zuten abendu hasieran atxilotutako Ibai Egurrolak, Javier Gutierrezek, Amets Ladislaok, Mari Mertxe Alcocerrek eta Maribel Prietok. Gaineratu duenez, "bestela ere, torturaren bidez sinarazitako deklarazioak erabilita daudela espetxean euskal herritar ugari, eta horien artean ere Uribe Kostako herritar asko". Bitartean, Leioa eta Erandioko campusean, asteazken honetan, hilak 11, egingo dute Torturaren Aurkako Eguneko mobilizazioa, Presoen Aldeko Taldeek (PAT) berriztatutako webgunean adierazi dutenez. Bertan 11:30ean egin ohi dituzte baterajotzeak. Argazkian, abenduaren 28an torturaren aurkako aldarriak hartu zituen Algortako kaleak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun