Ikerketa lana bukatutzat jo eta epaimahaiak aldeko balorazioa emango balu, lana Eusko Ikaskuntzaren "Lankidetzan" bilduman argitaratzeko aukera izango da. Hau hala izatera, dagokion unean Eusko Ikaskuntzak udalera argitalpen eskaintza bat igorriko du dagokion aurrekontua atxikita. Bestalde, lanak izango duen euskarri fotografikoa, artxibo ezberdinetan lorturiko argazki zaharrak zein bilduko diren argazki berrien bitartez, oso osorik Udalaren esku geratuko da.
Dokumentazioaren berrikuspena
Ikerlanak bi atal nagusi izango ditu. Lehenik eta behin gorderiko dokumentazioaren berrikuspen eta azterketa burutuko da. Adituek adierazi dutenez, Erandioko La Asuncion edo Andra Mari elizarekin erlazionaturiko dokumentuak kokapen ezberdinetan aurki litezke: Espainiako Artxibo Historikoa arakatzeaz gain, Bizkaiko Foru Aldundiko Artxibo Historikoa eta Bizkaiko Eleiz Artxibo Historikoei ere erreparatuko zaie. Lehenean, Udalen Atal Historikoko Erandioren Fondoan zentratuko da ikerketa eta bigarrenean dokumentazio oparoagoa topatzea aurreikusten da, batik bat 1666 eta 1867 urte bitartean eginiko bisita eta kontu-liburuen presentziagatik. "Ikerlanaren lehen zati honetan hustuketa artxibistikoa burutuko da, arestian aipaturiko udal zein eliz artxibo historikoak landuz. Hustuketa honen xedea, informazio historikoa eskuratzeaz gain, berau dokumentatzen duten argazki zaharren bilduma osatzea izango da", azaldu dutenez.
Landa lana
Bigarrenik, landa lana legoke, bereziki interesgarria delarik elizak ikertzeko dauzkan alderdi ezberdinen dokumentazio fotografikoa jasotzea. Elizaren testuingurua ulertzeko, bere gertueneko ingurunean aurkitzen diren obra garaikideetara gerturatzea ere planteatuko da, bereziki aro gotiko berantiarreko Bizkaia zein Gipuzkoako kostaldean aurkitzen direnekin, eta besteak beste, alderdi ezberdinak jorratuz. Batetik, tenplu berriaren eraikuntzaren zirkunstantzia historikoak aztertuko dituzte, bai eta ondare historiko hau gaur egun ezagutzen dugun moduan egoteko eman diren esku hartze nagusiak ere. Horretaz gain, tenpluaren estilema osatzen duten elementu nagusiak ikertuko dituzte: habeak, sabaia, baoak, aurrealdea, eta abar. Bestalde, altzari liturgikoen elementu nagusiei, hilobiei eta liturgiarekin erlazionaturiko bestelako artelanei jarriko diete arreta. Azkenik, eraikinaren balio artistikoa zein haren kontserbazio egoera aztertuko dituzte.