Bi hitzaldi izango dira bihar Zientzia eta Teknologia Fakultatean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko ots. 10a, 20:40

Asteazken honetarako, otsailak 11, bi hitzaldi antolatu dituzte Leioa eta Erandioko campuseko Zientzia eta Teknologia Fakultatean. Lehenik eta behin, "Darwin, de Inglaterra a Europa" solasaldia eskainiko du EHUko Zoologiako katedradun Ana Rallok, eguerdiko 12etatik aurrera. Francisco Jose Ayala biologo ospetsuak, berriz, BioForoan parte hartuko du arratsaldez, 17:00etatik aurrera. Kaliforniako Unibertsitateko Eboluzioaren Ekologia eta Biologia katedradunak “Origen y evolucion de Plasmodium falciparum, agente de la malaria maligna” hitzaldia emango du, Esther Dominguez Zientzia eta Teknologia Fakultateko dekanoak aurkeztuta. Iñaki Goirizelaia EHUko errektorea ere izango da saio horretan. Bi hitzaldiak, goizekoa zein arratsaldekoa, Zientzia eta Teknologia Fakultateko gradu aretoan egingo dituzte. Argazkian, arestian aipatu ikastegia.

Ana Rallorena "Eboluzioa, geneak eta moldaerak. 2009, Espezieen jatorriaren 150. urteurrena" zikloaren bigarren hitzaldia da. Bionatur Biologia Elkarteak antolatutako ziklo horrek Charles Darwin-en "Espezieen jatorria" liburuaren 150. urteurrena ospatzen du. Horren jaiotzaren 200 urte betetzen dira aurten ere. Rallok Darwin-en pentsaeraren aurrekariak aztertuko ditu biharko saioan, "bere lanaren garrantzia aipatu planteamendu fijisten suntsitzaile moduan, eta eboluzio eredu berriaren sortzaile bezala", unibertsitateko iturriek aipatu dutenez. Ideia berri hauen zabalkuntzak Ingalaterran zein Europan nolako trabak izan zituen aztertuko du hitzaldiak, Alemania, Frantzia eta Espainiako kasuak adibide moduan izanik.

Espezieen genetika

Francisco Jose Ayala biologoari dagokionez, 1934an Madrilen jaio eta 1971ean Estatu Batuetan nazionalizatu zen. Bere ekarpen garrantzitsuenak espezieen genetikaren eta eboluzioaren eremuaren ingurukoak dira. Izan ere, eboluzioaren teoria goitik behera aldatu zuen, aitzindaria izan baitzen biologia molekularra prozesu ebolutiboen ikerketan aplikatzen.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun