Atzo gauen, metro koadroko 15-20 litro euri egin zituen oso tarte labur batean, eta Gobela Ibaiak "ezin izan zuen guzti hori irentsi", Algortako Salsidu-Zubilleta inguruko bizilagunek adierazi dutenez. Horren ondorioz, "beldurra eta ezinegona" nagusitu ziren auzoko familien artean. "Garbiketa lanek jarraitzen duten arren, oraindik zikinkeria metatzen da ibaiaren ertzetan", kritikatu dute.
Urtarrilaren 27ko goraldiaren ostean, errekatik plastikoak, arbola adar txikiak, bidoiak, tutu zatiak eta bestelako hondakinak -
720 kilo guztira- kentzen ibili ziren Getxoko udal langileak. Hala ere, ez omen da nahikoa izan eta, beste behin ere, zeruari begira daude auzokideak.
Urtarrilaren 30eko udal batzarrean onartutako uriolen arriskua saihesteko premiazko lanak udara arte ez dira hasiko, aurreikuspenen arabera. Bitartean, biharko eguna euripean hasiko dugun arren, arratsalde-gau partean atertzera egingo duela iragarri du
Euskalmet agentziak. Argazkian, Salsidu-Zubilletako bizilagunek atzo hartutako irudia / Arantza Gutierrez. Argazki gehiago ikusteko,
sakatu hemen.