"Euren krisia euren kontura! Langileok aldaketa!" lelopean, kontzentrazioa antolatu du ostegun honetarako, otsailak 12, Plentziako Goñi Portal kultur etxean,
LAB sindikatuak. Ordua 19:00etan jarri dute. Hain zuzen ere, EAJk gonbidatuta, Pedro Luis Uriarte Eusko Jaurlaritzako sailburu ohia eta Innobasque enpresako egungo presidentea bertan izango dela baliatuko dute protesta egiteko lan erakunde abertzaleko kideek. Gaur bertan, erakunde publikoetako arduradunei "babesa kentzeko" eskatu die langileei Ainhoa Etxaide LABen idazkari nagusiak. Bere hitzetan eurak dira "Euskal Herria krisialdian eta langabezia masiboan murgildu" dutenak, "arazoaren muinera jotzeko politikarik bideratu ez dutelako". Eragile pribatuez gain, Eusko Jaurlaritzak, foru aldundiek eta udalek osatzen dute Innobasque. Argazkian, abenduaren 12an, Espainiako INEM erakundearen Areetako bulego aurrean kontzentratu zen LAB.