Polizi buruen ekarpenekin eta udaltzain beraiek aurkeztutako iradokizun eta proposamenekin egindako diseinuari esker, espazioen banaketa zeharo hobetu da, udal iturrien arabera. Horri esker, espazioaren erabilera askozaz ere eraginkorragoa da eta Berdintasun eta Irisgarritasunaren Legeei egokitu zaie. Era berean, energi eraginkortasuna zaindu da, presentzia atzematean automatikoki pizten eta itzaltzen diren argiekin. Dutxetako ura berotzeko, berriz, eguzki plakak erabiltzen dira. Landaren iritziz, “eraikin berri hau Getxon udal azpiegiturak eta zerbitzuak etengabe hobetzeko egiten ari garen ahaleginaren testuinguruan kokatu behar dugu, metroa lurperatzeko lanak eta Andra Mariko geltoki berria egingo direlako ere, arraun eta bela pabilioiak zabalik daudelako, Salsiduko arrapala mekanikoak badabiltzalako, Aiboa eta Villamontekoak, Getxo Antzoki berria eta Romoko kultur etxea egingo direlako...”.
Hiru solairutan banatuta
Eraikina hiru solairutan banatzen da. Bigarren solairuan, arrapala baten bidez komunikaturik, bisitarien sarbidea dago, Alango kaletik. Solairu horretan, administrazio arloa eta buruzagien bulegoez gain; herritarren arretarako eta salaketak jasotzeko bulegoak, herri babesa eta koordinazio zentroa daude. Azken hori, bizilagunen deiak jasotzen ditu eguneko 24 orduetan. Bertan, gainera, udalerrian dauden alarmak eta kamerak kontrolatzen dira. Beheko solairuan langileen sarrera, dutxak eta aldagelak, atseden hartzeko eta jateko gunea, ikerketako eta atestatu unitateetako aretoak daude, besteak beste. Erdi-sotoko solairuan aparkalekuak eta tailerrak, atxilotuen kontrol eremua eta ziegak daude. Eraikin osoak kanpoko eta barruko segurtasun sistemak dauzka. Aretoetan sartzeko, txartel inteligente bat erabili behar da.