Teatro Paraiso taldeak Grimm anaien "Bremengo musikariak" antzeztuko du igandean Areetan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko ots. 12a, 14:21

Haurrek Teatro Paraiso taldearen azken ikuskizunaz gozatzeko aukera izango dute igande honetan, otsailak 15, Areetan. Izan ere, eskarmentu handiko talde arabarrak Grimm anaien "Bremengo musikariak" obra klasikoa antzeztuko du Andres Isasi Musika Eskolan, errima-testuak eta musika uztartuz. Ikuskizuna saio bikoitzean eskainiko da: 12:30ean espainolez, eta 18:00etan euskaraz, Getxoko Kultur Etxeak jakinarazi duenez. Izenburu bereko alegia abiapuntutzat hartuta, Teatro Paraisok giro bitalista eta poetiko batean kokatu du istorioa. Lau aktore-musikarik, kontzertu baten erdian, era komiko eta musikalean beren zoritxarrak kontatzen dituzte: astoa, txakurra, katua eta oilarra dira. Guztiak bizitza ikaragarri baten sufrimenduez kexatzen dira: bakardadea eta kolpeak, gosea, kateak, ibilaldi luzeak eta labean amaitzeko beldurra. Zalantzazko ikuspegi horren aurrean amets bat nagusitzen da: Bremen hiri alemana.

Ikuskizuna, bizitzeko alaitasunari, laguntasunaren balioari, bidearen zailtasunei aurre egiteko ausardiari eta helmugara elkarrekin iristeko itxaropenari egindako kantua da. Helburua ez da geografikoa soilik, Bremen edozein lekutan egon baitaiteke, musika nota bakoitzaren bihotzean edo musika nota bat jotzen den edozein txokotan. "Bremengo musikariak" obra Accademia Perduta-Romagna Teatri de Italia eta Teatro Paraiso antzerki taldearen arteko lankidetza-proiektuan kokatzen da. Horren bidez, Paraisok bere 30. urteurrena ospatu nahi izan du agertokiaren gainean.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun