"Bakoitzak berea, denok batera!” lelopean, kanpaina berria jarri du martxan Getxoko Udalaren Berdintasuneko Zerbitzuak. “Kanpainaren helburua emakume eta gizonen arteko harremanen eredu berria lortzearen alde lan egitea da, etxeko lanak eta zaintza lanak benetan bana daitezen; eta horrela pertsona guztiok asmo pertsonal eta profesionalak asetzeko moduan egoteko, emakume zein gizon izan”, Keltse Eiguren Berdintasun zinegotziak gaur azaldu duenez. Ildo horretan, etxeko lan eta zaintzaren arduradun nagusiak izateak lan arloan emakumezkoei dakarzkien desabantaila eta diskriminazioak ere agerian utzi nahi ditu. Kanpainaren euskarria Udalak kaleratutako foiletoa da eta horren 4.000 ale banatuko ditu ohiko lekuetan. Horretaz gain, Udalak Algortako kultur etxeko gizonentzako komunean haurrei pixoihalak aldatzeko gunea egokitu du eta bestetik, oinezkoen gunetan hainbat trafiko seinale aldatu ditu. Horietan, lehen, emakumezko bat umearen kotxearekin agertzen zen eta orain figura neutroa ikus daiteke. Argazkian, Keltse Eiguren Berdintasun zinegotzia, prentsaurreko batean.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!