"Azpijokoz" zinegotzi bat "lapurtzea" egotzi dio EAJri Sopelako ezker abertzaleak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko ots. 12a, 19:35

"Getxoko EAJrekin batera", Sopelako jelkideek egindako "azpijoko politikoa" salatu du aipatu udalerriko ezker abertzaleak. 2007ko udal hauteskundeetan, 1.315 boto eta lau zinegotzi eskuratu zituen Eusko Abertzale Ekintzak. Udalean bigarren indarra denak, baina, zinegotzi bat galdu du oraingoan, "EAJk behartutako ustezko bateraezintasunagatik". Urtarrilaren 27ko osoko bilkuran hartu zuten behin betiko erabakia. Gaspar Egiluz hautetsi independentista Getxoko udaltzaina ere bada. Funtzionario publikoa izanda, Egiluzen bateraezintasuna zinegotziak akta jaso baino lehen adierazi behar zen arren, ez Hauteskunde Batzordeak, ezta udal idazkaritzat, ez zuten ezertxo ere aipatu. Zerrendako hurrengo hautagaiak Egiluzen tokia hartzeko arazorik ez zen egongo orduan. Egun, ordea, ezinezkoa da Alderdien Legearen ondorioz. Hori guztia salatzeko, larunbatean, otsailak 14, manifestazioa deitu du ezker abertzaleak. Eguerdiko ordu batetan abiatuko da udaletxetik. Argazkian, Gaspar Egiluz osoko bilkura batean.

Zinegotzi karguari eustekotan, Getxoko udaltzain lanean eszedentzia eskatu beharko zuen Gaspar Egiluz hautetsi independentistak, bere soldata galduz. Bada, Sopelako Udalbatzan hiru zinegotzi baino ez ditu orain ezker abertzaleak, bost ordezkarirekin gutxiengoan lasaiago gobernatzen utziz EAJri. EB-Aralarren hiru zinegotzien eta EAren bakarraren laguntza jaso ohi dute jelkideek; baita noizbehinka PSE-EEren hautetsi biena ere. Berdeek eta PPk zinegotzi bana daukate. Egiluzen kideen ustez, gertatutakoa "EAJren azpijoko politikoa baino ez da, kargu hori epaileen bidez erreklamatzea bi urte baino gehiagoko auzia ekarriko lukeelako, era horretan agintaldia amaituz". "Lehendabizi, EAE-ANVren taldea desegin zuten, gero talde horri zegokion dirua ez dute sartu eta, orain, beste pausu bat eman dute apartheid-ean", salatu dutenez. "Gutxieneko duintasun demokratikoa duen pertsona ororentzat ulertzeko zaila da", Egiluzen ustez, "EAJ Alderdien Legea bera baino urrunago joatea".

konpondu nahi baina utzi ez

Egoera bideratzeko asmoz, Eudelen arautegian agertu bezala, Egiluz liberatzea eskatu zuten abenduko udal batzarrean, horrela udalbatza 2007ko hauteskundeen emaitzen arabera mantenduz. Hala ere, aurka agertu ziren EAJ, PSE eta PP; Ezker Batua eta EA abstenitzen ziren bitartean. "Aho txikiarekin Alderdiaren Legearen aurka daudela esaten duten bitartean, edozein zirrikitua aprobetxatzen dute Sopelako Udalean ezkertiar eta abertzaleok gehiengoa izan gaitezen ekiditeko", hautetsi independentistek salatu dutenez. 2007ko udal hauteskundeen ondoren, horixe berau planteatu zitzaien EB, Eusko Alkartasuna eta Berdeei; EAJren ordezko gehiengoa osatzea alegia. Oraingoan ere "ez ikusiarena egitea" egotzi diete Ezker Batua eta EAri.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun