Alderdi politikoen "utzikeria" salatu dute antenen aurkakoek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko ots. 12a, 21:00

Hauteskunde kanpaina hasteko ordu gutxi falta direla, "oraindik alderdi politikoen erantzunaren zain" jarraitzen dutela salatu dute telefonia antenen kontrako taldeek. Hainbat eragilek kanpaina egin ostean, 2008ko irailaren 4an adierazi zuen Europako Parlamentuak uhin elektromagnetikoen emisioa murriztu behar dela. "Gomendatutako behin-behineko gehienezko erradiazio maila zentimetro koadroko 0,1 mikrowatt-ekoa da. Horiek dira nazioarteko ikerlari independenteek onartzen dituzten gehienezko dosiak, osasun kalteak saihesteko", atzoko prentsaurrekoan Gorka Arteagabeitia Getxo udalerriko Antena Ez elkarteko kideak azaldu zuenez. Bizkaiko Batzar Nagusietako ordezkarien bitartez, arazoari heldu eta proposamenak egiteko eskatu zieten alderdi politikoei. Hala ere, "isiltasuna izan da erantzun bakarra". Bitartean, amore emateko asmorik ez daukate antenen kontrako taldeek; eta herritarrei arazoaren berri ematen jarraituko dute. Ostiral honetarako, otsailak 13, hitzaldia antolatu du Antena Ez taldeak, 18:30ean, Algortako kultur etxean. Argazkian, Getxoko Andra Mari auzo elkarteko Javier Iturregik eta Barakaldoko Ezpitsua talde ekologistako Javier Vazquezek lagunduta eman zuen prentsaurrekoa Arteagabeitiak (erdian).

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun