Itzubaltzeta / Romoko Gobela kiroldegian duela gutxi errentan emandako 231 aparkalekuak erabiltzen hasi dira jada auzotarrak. Orain urte bete inguru salatu zuen Getxoko PPk, parkinga 2005eko udaberrian zabaldu zutenetik, "29 toki baino ez" zeudela beteta. Saldu beharrean, alokairuan eskaintzea erabaki zuen orduan Udalak. Gauzak horrela, jasotako eskabide kopurua -300dik gora- uste baino handiagoa izan da eta "horrek erakusten du ekimenak oso harrera ona izan duela", tokiko iturrien arabera. Imanol Landa alkateak adierazi duenez, “izan duen harrera aparta izan da eta itxaropentsu gaude. Dagoeneko aparkaleku plaza hauek bete dira eta aurrerantzean Romon aparkatzeko leku gehiago izango da, arazoa arinduz".
Getxoko Udalak emandako datuen arabera, aparkatzeko 1.161 toki dago Gobela kiroldegia, Santa Eugenia, Mesedeetako Ama eta Santa Anako parkingen artean. Landak nabarmendu duenez, "oso urrats garrantzitsua eman dugu Romo eta Areetako bizilagunei aparkaleku eskaintza ona egiteko”. Argazkian, autoak Gobela kiroldegiko parkingean.