Getxoko EAJ eta PSE-EEren aurrekontuei "kontinuistak, zarrastelak eta irrealak" deritze PPk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko ots. 13a, 15:41

Getxoko EAJk eta PSE-EEk 2009rako adostutakoak "udalerriak orain behar dituen aurrekontuak ez" direla kritikatu du, gaur emandako prentsaurrekoan, Marisa Arrue PPren tokiko bozeramaileak. Krisialdi garaian gaudela, "gastua eta zorra handitzea" ekarriko dutela diote popularrek. Arruek azaldutakoaren arabera, "gastu arrunta %15,8 haziko da, KPI %1,8 baino ez denean igo. Pertsonal gastua, berriz, %12 egingo du gora". "Udalerriko zein laguni igo diote beste horrenbeste soldata?", galdetu du Getxoko PPren ordezkariak. Guzti hori ordaintzeko, Udalak 16,3 milioi eurotako mailegua eskatu duela salatu du Arruek. "Familia getxoztar bakoitzeko 800 euroko mailegua da hori. Interesen arabera, 3,8 milioi euro gehiagoko kostua eragingo du. Hori guztia, aurreztutako 25 milioi euro eta kobratzeke beste hamar milioi dituenean tokiko erakundeak", gaineratu duenez. Getxoko PPren arabera, aurrekontu horiek "ez diete herritarrei mesede egiten, abenduan 3.000 getxoztar gehiago langabezian egonda gainera". Argazkian, Marisa Arrue, Antonio Basagoiti eta Maria Dolores de Cospedalekin batera, joan den azaroan egindako ekitaldian.

Arrueren arabera, eguneko zentroa eraiki edo merkatariei laguntza emateko erabili beharko litzateke maileguan eskatutako dirua. Aurrekontuak Getxoko EAJk eta PSE-EEk adostutakoak izan arren, Luis Almansa sozialisten bozeramailearentzat gorde ditu akusazio gogorrenak: "Zapaterok gastu arrunta murriztu behar dela esan eta Almansak guztiz kontrakoa egin du", PPkoak kritikatu duenez. Almansak aurrekontu sozialagoak bezala "saldu" ditu, baina PSE-EEk egindako ekarpenak "hutsalak" dira Arrueren ustez. Emandako datuen arabera, Gizarte Zerbitzuen aurrekontua "%6 baino ez" dute igo eta "oraindik ere aurrekontuen partidarik txikiena da", popularren hitzetan. Horretaz gain, PSE-EEkoen jokabidea "ulergaitzat" jo du Arruek, "aurrekontua kutsu nazionalista nabarmena daukaten partidak daudelako". Horien artean kokatu ditu Getxoko PPren buruak presoen senideei eman beharreko laguntzak eta Udalbiderako dirua. "Azken horretaz hamar urtez kexuka egon eta, orain, bere boto-emaileei traizio egin die Almansak", salatu du Arruek. Bestalde, Getxo Kirolak udal erakunde autonomorako "inbertsiorik ez" ez dagoela, musika eskolako tasa "%6 igo" dela eta udaltzainek izunetan "%60 gehiago bildu nahi" dutela kritikatu du Getxoko PPk.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun