Imanol Landa alkateak eskerrak eman die gaur Villamonteko bizilagunei, proiektua aurrera eraman ahal izatea posible egiteagatik. Prentsaurrekoan adierazi duenez, "proiektu garrantzitsua da, Algortako erdigunera iristeko dauden bi mailak gainditzea ahalbidetuko duelako, batez ere mugitzeko zailtasunak dituzten pertsonei mesede eginez". “Proiektua ez litzake posible izango auzotarrekin akordioa lortu izan ez bagenu, eta horrek argi eta garbi erakusten du auzotarrek, jabeen erkidegoaren ikuspuntua baztertu eta horren gainetik, udalerriaren interes orokorraren alde, adostasuna eta oreka lortzeko ahalegina egin dutela”, nabarmendu du Landak. Alkatearen berbak berretsiz, lortutako akordioaren garrantzia azpimarratu du Marivi Argaluzak, Villamonteko Jabeen Elkargoaren izenean, “herritar guztien onerako dela" aipatuz.
FEKOOR Minusbaliotasun Fisikoa duten Pertsonen Bizkaiko Koordinadorak ere lagundu du akordioa lortzen, aztertu dituzten balizko zortzi aukeren artean adostutako irtenbidearen aldeko iritzia baitu. Proiektuaren inguruko datu teknikoei dagokienez, Hirigintza arloko zinegotzi Joseba Arregik azaldu du, bi igogailuek 10 metro inguruko aldea gaindituko dutela, maila bakoitza burdinazko pasabide batekin lotuko dutela. Igogailuetan 13 lagun sartu ahal izango dira. “Kamera bidezko etengabeko zaintzapean egongo dira, baina, jakina, ez dute inguruko auzotarren intimitatea aztoratuko”, zehaztu du Arregik.