D3Mk bere boto paperarekin bozkatzeko eskatu die gaur arratsaldean herritarrei, Bilbon egin duen agerraldian. Legez kanporatzeari ere aurre egingo dio ezker abertzaleko plataformak. Bozka lekuetan bere izena daraman boto papera erabiltzeko deia egiteaz gain, Europako Batasunak Estrasburgon (Alsazia, Frantzia) duen auzitegian helegitea jarriko dutela jakinarazi dute D3Mko ordezkariek Bilbon gaur arrastirian egin duten agerraldian. Legez kanporatzea salatu dute, baita Espainiako Gobernuan den alderdia (PSOE) ere, eta gogor kritikatu dituzte, halaber, "legez kanporatzeaz baliatzen" ari diren alderdiak: "Ezker abertzalearen beldur dira", esan dute ezker abertzaleko ordezkariek. Bitartean, larunbatean, otsailak 14, manifestazio batek zeharkatuko ditu Bilboko kaleak, 17:30ean Aita Donostia plazatik abiatuta, "Demokrazia orain" lelopean. Argazkian, joan den ostiralean D3Mk Algortan egindako ekitaldiaren irudia.