Barrikako Udalak hainbat jarduera antolatu ditu inauteriak ospatzeko. Horiek otsailaren 21ean eta 23an izango dira. Horrela, larunbatean, hilak 21, txikiek haur parkeaz gozatzeko aukera izango dute, makillaje tailerrarekin batera, goizeko 11etatik eguerdiko ordu batetara arte. Jarduera horiek udaletxeko plazan, elizaren arkupean eta liburutegi zaharrean egingo dira. Mozorroz jantzita agertzera gonbidatu ditu neska-mutilak Udalak. Bestalde, astelehenean, hilak 23, ogi torrada lehiaketa egingo dute lehendabiziko aldiz, arratsaldeko 5etatik aurrera, udaletxeko beheko solairuan. Lau sari banatuko dira, 25 eta 100 euro bitartekoak. Ondoren, dastatzea egongo da. Lehiaketan esku hartzeko aurretik izena eman beharko da. Horretarako epea otsailaren 18an bukatzen da. Inskripzio orria udal liburutegian aurkeztu behar da, 11:00etatik 13:30era goizez, eta 16:00etatik 18:00etara, arratsaldez.