Ezker abertzaleko zinegotzi baten "lapurreta" salatu dute Sopelan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko ots. 14a, 20:04

Ezker abertzaleak egindako deialdiari erantzunez, ehun bat lagun egin dute manifestazioa gaur eguerdian Sopelan, bertoko "herritar guztiei, guzti guztioi ordezkaritza lapurtu" dietela salatzeko. Urtarrilaren 27ko osoko bilkuran horrela erabakita, zinegotzi postua utzi behar izan du Gaspar Egiluz hautetsi independentistak. Getxoko udaltzaina ere bada sopeloztarra eta gauzak biak "bateraezinak" direla diote tokiko agintariek. Gauzak horrela, 2007ko udal hauteskundeetan 1.315 boto lortuta udalerriko bigarren indar bilakatu zenak zinegotzi bat galdu eta hirurekin baino ez da gelditu. EAJk bost dauzka, EB-Aralarrek hiru, PSE-EEk bi eta EAk, PPk eta Berdeek bana. Orain ere hauteskunde garaian gaudela, Eusko Legebiltzarrerakoak alegia, "ezkertiar eta abertzale guztion ordezkaritza lapurtu, isilarazi nahi" dutela ere salatu dute; baita ez dutela lortuko iragarri ere. Martxoaren 1ean D3Mri "bozkarik baliotsuena, urrezko botoa, benetako aldaketa demokratikoa bideratuko duena" ematera deitu dute Sopelatik. Argazkian, gaurko manifestazioa udaletxea atzean uzten.

Ezker abertzaleko gainontzeko zinegotzi eta dozenaka herritarrak ez ezik, inguruko udalerrietako hautetsi independentistak ere izan ditu lagun gaurkoan Gaspar Egiluz. Besteak beste, Sopelara hurbildu dira Christian Reinicke eta Mariespe Fuertes Getxoko ezker abertzaleko ordezkariak. Izan ere, biek Egiluzi elkartasuna adierazteaz gain, Sopelako mugetatik haratago doan auzia da gertatutakoa. Imanol Garai alkate sopeloztarrak berak adierazi zuenez, "Gaspar udaltzaina den Getxoko Udaletik heldu zen probidentzia". Hori dela eta, Sopelako EAJrekin batera, jelkide getxoztarrak jo ditu "errudun nagusitzat" ezker abertzaleak. "Partiduen lege antidemokratikoak berak ahalbidetzen duenetik haratago joan dira", Guillermo Vio zinegotzi independentistak aipatu duenez.

EAJren "morroi leialak"

Baina EAJ ez errudun bakarra, Vioren hitzetan. Bere hitzetan, "EAren eta Ezker Batuaren isiltasun konplizeak bideratu du bidegabekeri hau". Egoera bideratzeko asmoz, Eudelen arautegian agertu bezala, Egiluz liberatzea eskatu zuten abenduko udal batzarrean, horrela udalbatza 2007ko hauteskundeen emaitzen arabera mantenduz. Hala ere, aurka agertu ziren EAJ, PSE eta PP; Ezker Batua eta EA abstenitzen ziren bitartean. "Deseroso daude, ez dute gustuko gure oposizioa, oposizioa egiten dugun bakarrok garelako, herri honen aukera ezkertiarra, aurrerakoia eta abertzalea gu garelako: EA eta Ezker Batua PNVren morroi leialak baino ez direlako. Lehen egunetik saldukeria egin zieten sopeloztarrok emandako aginduei Udalean aldaketa bideratzeko, eta orain, berriro lerratu dira PNVrekin", azaldu du Viok. 2007ko udal hauteskundeen ondoren, horixe berau planteatu zitzaien EB, Eusko Alkartasuna eta Berdeei; EAJren ordezko gehiengoa osatzea alegia. Oraingoan ere "ez ikusiarena egitea" egotzi diete Ezker Batua eta EAri.


Manifestazio ostean irakurritako testua:

Gaur lapurreta bat salatzen ari gara, lapurreta. Ez dago beste izenik. Sopelako herritar guztiei, guzti guztioi ordezkaritza lapurtu diete, digute, udaletxe honetan.

Sasi-mozorroak erabiliko dituzte: "plenoan hartutako legezko erabakiak", "bateraezintasunak"... aitzaki hutsak, hitz hutsalak: lapurreta sopeloztar guztioi, guztion ordezkaritza haien interesen arabera trukatzen ari direlako, eta lapurreta bereziki Ezker Abertzaleari dagokigun ordezkari bat egotzi dutelako Udalbatzatik.

Eta honek badu errudun nagusia: Sopelako PNV, Getxokoarekin batera... Azpijokoa erabiliz, gogorrago tenkatu dute Ezker Abertzalearen kontrako jarrera: ANVren disoluzioa eta ilegalizazioa bultzatu zuten, gero ez ordaindu ANVri hilero zor zaion dirua; eta orain estuago hartu diote apartheid egoerari, ANVren zinegotzi bat kanporatuz, partiduaren lege antidemokratikoak berak ahalbidetzen duenetik haratago joan dira.

Erruduna PNV, baina ez errudun bakarra, laguntzaile ezin hobeak izan dituelako: EA eta Ezker Batua. EAren eta Ezker Batuaren isiltasun konplizeak bideratu du bidegabekeri hau. Sinestezina da jakitea zer erraza izan duten arazo honi konponbidea ematea haien neurrikoa den Eudelek ebatzitako arautegia onartuz; eta berriro ere, hitzez partiduaren legearen aurka daudela esan arren, ekintzez edozein aitzakiaz baliatzen dira gehiengo Abertzale eta Ezkertiarra oztopatzeko Sopelako Udalean. Hau zinismoak!

Deseroso daude, ez dute gustuko gure oposizioa, oposizioa egiten dugun bakarrok garelako, herri honen aukera ezkertiarra, aurrerakoia eta abertzalea gu garelako: EA eta Ezker Batua PNVren morroi leialak baino ez direlako. Lehen egunetik saldukeria egin zieten sopeloztarrok emandako aginduei Udalean aldaketa bideratzeko, eta orain, berriro lerratu dira PNVrekin.

Sopelan zinegotzia eta horregatik gaude orain hemen, baina martxoaren 1eko hauteskundeetan Autonomi Erkidegoan Ezkertiar eta Abertzale guztion ordezkaritza lapurtu, isilarazi nahi dute. Hala ere ez dute lortuko. Ezker Abertzalea presente egongo da hauteskundeetan. Martxoaren 1ean ikusiko da Euskal Herriak ez duela lekurik konstituzioan eta esparru autonomikoan, Independentzia nahi dugula; gure bozkaren bidez, Ezker Abertzalea deuseztatzeko estrategia porrot egin duela adieraziko dugu, eta Europari berriro erakutsiko diogu Espainian demokraziarik ez dagoela.

Eta horregatik, egun hauetan, zailtasun guztien gainetik, gaur arratsaldean hasita deia egiten dizuegu lana egin dezagun eta martxoaren 1ean ezkertiarrok eman dezagun bozarik baliotsuena, urrezko botoa, benetako aldaketa demokratikoa bideratuko duena, D3Milioirentzat.

Gora Ezker Abertzalea!
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun