GALek hildako Eugenio Gutierrezi egingo diote omenaldia igandean Leioan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko ots. 16a, 17:18

Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak Etengabe bitakoraren bitartez jakinarazi duenez, Eugenio Gutierrez Salazar “Tigre” errefuxiatu leioztarrari egingo diote omenaldia igande honetan, otsailak 22. Izan ere, GALek erail zuenetik 25 urte beteko dira hiru egun geroago. Horrenbestez, 13:00etan lore eskaintza egingo zaio Leioako hilerrian eta, ordu erdi beranduago, Tigre plazan dagoen oroitarrian loreak jarri eta ekitaldi politikoa egingo da bertan. Gutierrez 1984ko otsailaren 25ean hil zuen frankotiratzaile batek, errefuxiatu talde batekin Zuberoako Idauze-Mendi udalerriko baserri batean zegoela. Euskara ikasketen atsedenaldian baserriaren atarira irten zenean buruan tiro bat jaso zuen eta bertan gelditu zen hilik. Hilketa GALek erreibindikatu zuen, baina orain arte inor ez da akusatua izan bere heriotzagatik. 29 urte zituen leioaztarrak. Argazkian, igandeko omenaldiko kartela / Etengabe.

2003ko azaroan, Guardia Zibilak terrorismoari buruz abiatu berria zuen webgunean, lehenengo aldiz onartu zuen Estatu espainiarrak Gutierrez eta beste 27 eukal herritarrak "GALen ekintza terroristen" biktimak izan zirela. El Mundo egunkariak hori salatu eta ordu batzuetara aipatu zerrenda kendu egin zuten. Eugenio Gutierrez Leioan jaio zen 1955ko urtarrilaren 14an eta ETAko zuzendaritzako kidea izatea leporatu zioten.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun