Etorkinentzako sei mila gida banatuko ditu Getxoko Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko ots. 16a, 17:40

Getxoko Udala aste honetan hasiko da Elkar Gune (pdf) gidaren bigarren edizioa banatzen. Gizarte Zerbitzuen Immigrazio eta Kultur Aniztasun Unitateak etorkinei zuzendutako ekimenen berri ematen du argitalpenak. “Elkar Gunek ongietorria eman nahi die munduko toki desberdinetatik, arrazoi desberdinengatik (lana, asilo-eske, etorkinak…) heldu eta Getxoko gizarteko kide izatea erabaki dutenei”, Imanol Landa alkateak aipatu duenez. Guztira 6.000 ale banatuko ditu Udalak ohiko tokietan, hau da, herritarrak artatzeko bulegoetan, Gizarte Zerbitzuetan, enplegu zentroan, Gazte Bulegoan, hezkuntza zentroetan, mintzalekuetan, immigrazio alorreko elkarteen artean eta sindikatuetan. Argazkian, Getxo udalerrira bizitzera etorritako etorkin sendia.

Informazioa zentralizatzeko eta errazteko saiakera ere bada Elkar Gune gida, udal iturriek aipatu dutenez. Horregatik, "bizi dugun errealitatera egokitzeko" helburuarekin, duela urte batzuetatik hona aurrera eramaten ari diren ekimenen berri eskaintzen dute Gizarte Zerbitzuek. Landaren hitzetan, “ekimen horiek pertsonen harrera eta haien gaitasunak hobeto garatzeko izaten dira. Ekintza horiek onura dakarkie gizarte osoari eta herritar guztien artean bizikidetza eta kultur artekotasunaren balioak sustatzeko ere dira”.

Kaixogetxo.net

Elkar Gune foiletoak www.kaixogetxo.net Getxoko baliabideen eta harrerarako gidaliburuari buruzko informazioa eskaintzen du. Sor daitezkeen beharrei eta dauden baliabideei buruzko informazio bateratua eskaintzen duen tresna da hori, bai atzerritarrentzat, bai bertokoentzat. Horrek jasotzen dituen bisiten balantzeak "erabilpen maila altua" duela erakusten dute. Udal iturriek emandako datuen arabera, 2008an 62.477 bisita jaso zituen, horietatik 40.132 gazteleraz, 6.300 errumanieraz (gero eta gehiago) eta 5.061 arabieraz. Gehien kontsultatutako gestioak lan baimenari (2.885), gidatzeko baimenari (2.132) - oso garrantzitsua lana aurkitzeko-, erroldari (2.041) eta bizilekuari (1.732) lotutakoak izan ziren.

Elkar Gune gidan agertzen diren beste ekimen batzuek etorkinentzako informazio saioak, “Getxon bizi, Bizkaian bizi” programa, Getxoko emakume etorkinen topaketak, Aisa euskara ikastaroa atzerritarrentzat eta Udalari eta bestelako erakundeei buruzko informazioa, tartean Osakidetzari, hezkuntza zentroei edo informazio juridikoari buruzkoa.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun