Babes ofizialeko 178 etxebizitza egiteko hitzarmena itxi dute Eusko Jaurlaritzak eta Sopelako Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko ots. 16a, 18:27

Sopelako Udala eta Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Saila azken ukituak ematen ari zaizkio jada, Loiola, Asu eta Bareño guneetan babes ofizialeko etxebizitzak sustatzeko hitzarmenari. Hiru sektore horietan sail bana dauka tokiko erakundeak eta 123 BOE eraiki daitezke bertan. 312 etxebizitza aske eraikitzea ere aurreikusten da. Udal iturriek adierazi dutenez, "EAEko Lurraren Legeak eskaintzen duen aukera sakon aztertuko da, lur sailean ahal beste etxebizitza eraikiz eraikigarritasuna aldatu gabe, hau da, Hirigintza Antolamendurako Plan Orokorrari (HAPO) eragin gabe, dagozkien plan partzialei baizik". Euren hitzetan, “birdentsifikazio horri esker, Asu sektorean 50 BOE egitetik 78 egitera pasa daiteke; Bareñon, 50etik 70era; eta Loiolan, 23tik 30era". Orotara, gaur egun egin daitezkeen 123 etxebizitzetatik 178 etxebizitzetara egingo litzateke jauzia. Babes ofizialeko etxebizitzen herena -50 eta 60 artean- alokairu sozialera bideratzeko konpromisoa ere badago. Lurra erosteko inbertituko den diru kantitatea 21,3 milioi eurotik gertu egon daiteke. Argazkian, Imanol Garai Sopelako alkatea eta Javier Madrazo Etxebizitza sailburua, 2009ko urtarrilaren 14an, Lizarre kaleko babes ofizialeko 46 etxebizitza berriak inauguratzen.

Udalak konpromisoa hartu du tramiteak aurrera ateratzeko plan partzialetan aldaketa puntualak egiteko, BOE gehiago eta txikiagoak egiteko asmoz. "Horrek aukera ematen du etxebizitzen diseinua behar errealei egokitzeko eta babes ofizialeko etxebizitzak eskatzen dituzten elkarbizitza unitateetako kideen kopuruari egokitzeko", aipatu dutenez. Estimatutako kronogramak ezartzen du obraren hasiera 15 eta 18 hilabete bitartean egongo litzatekeela, hitzarmena sinatzen denetik.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun