Minbizi-zelulak detektatzeko gai diren nanohidrogelak garatu ditu EHUk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko ots. 16a, 18:46

Minbiziaren kontrako tratamenduen arazoetako bat da ez dituztela bereizten zelula osasuntsuak eta gaixoak. Hala, guztiek pairatzen dute tratamenduaren eragina. EHUko ikertzaile-talde bat arazo horren soluzioaren bila dabil. Horretarako, zelula gaixoak detektatzeko eta farmakoa behar den tokian askatzeko gaitasuna duten nanohidrogel adimendunekin egiten dute lan. Hidrogelak sare formako polimeroak dira. Sare formako egitura horiek likidotan sartuta puztu egiten dira, baina ez dira disolbatzen. Era horretako polimeroek erabilera ugari dituzte: besteak beste, muskulu artifizialak egiteko nahiz uretako metal astunak erauzteko erabil daitezke. Argazkian, Material Berriak eta Espektroskopia Supramolekularra taldeko Leyre Perez, Guillermo Guerrero, Carlos Cesteros, Issa A. Katime, Jose Luis Gadea, Diana C. Ospina, Alejandro Arzac, Alejandro Arredondo eta Maite Arteche.

EHUko Zientzia eta Teknologia fakultateko Kimika Fisikoa saileko Issa A. Katime doktoreak zuzentzen duen ikerketa-taldea —Material Berriak eta Espektroskopia Supramolekularra— aitzindaria da hidrogelen ikerketan, eta talde horrek argitaratua da gai horri buruz gaztelaniaz dagoen liburu bakarra. Gaur egun, farmakoak era kontrolatuan askatzeko hidrogelak nola erabili daitezken ikertzen ari dira, minbizi-kasuetan, adibidez. Farmakoa garraiatu eta askatzeaz gain, minbizi-zelulak detektatzeko gai diren hidrogelak diseinatu dituzte. Zelula horiek detektatzeko, pH-aldaketak detektatzeko gai dira garatutako hidrogelak —odolak 7,4ko pH-a du, baina minbizi-zeluletan 4,7-5,2ra jaisten da—. Gaitasun hori lortzeko azido folikoarekin funtzionalizatu dira hidrogelak. Horri esker, hidrogel hori gai da pH-aldaketak detektatzeko, minbizi-zelulak engainatu eta haien barrura sartzeko. Troiako zaldi batek bezala funtzionatzen du: zelularen barnean dagoenean, pH-aren aldaketarengatik hidrogela puztu egiten da, eta, hortaz, farmakoa askatzen du.

Bestetik, ohiko hidrogelek gaixoetan erabiltzeko arazo bat zuten: tamaina molekularra. Farmakoak emateko biderik onena odolaren bidez egitea da —oso denbora motzean leku guztietara iristen da—, baina ezin dira molekula oso handiak injektatu organismoan, buxadurak eragin ditzaketelako —bihotz-angina edo -atakea, adibidez—. Hidrogelak gizakietan erabiltzeko, beharrezkoa da partikula oso txikiak sortzea, buxadura saihesteko eta globulu zuriek horiek ez detektatzeko bezain txikiak —atzemango balituzte, eraso egingo liekete—. Hala, partikula horiek giltzurrunaren mintza zeharkatzeko bezain txikiak badira, minbizi-zelularik aurkitu ezean, gernuaren bitartez kanporatu daitezke.

Tamainaren arazoa

Helburu horretarako erabiltzen diren nanopartikulekin lan egiteak hainbat zailtasun ditu, hala nola era kontrolatuan nanohidrogelak sortzeko sarea egin ahal izatea, sare-egituran sortzen diren hutsuneak farmakoa garraiatzeko behar den tamaina izatea, eta nanopartikula guztiek antzeko tamaina izatea.

Izan ere, polimeroak sintetizatzean lortzen diren partikulen tamaina oso desberdina izaten da. Giza gorputzean injektatzeko baldin badira, partikulen tamaina ezin da 15-30 nanometroetatik asko urrundu; horregatik, beti tamaina berdintsuko nanopartikulak lortzeko teknika garatu dute.

Nanopartikulen diseinua era arrakastatsuan amaitu dute. Probak in vivo egiteko, lankidetzan ari dira Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko Medikuntza Fakultateko José María Teijok zuzendutako talde batekin, eta EHUko Medikuntza Fakultateko Antonio Quintanak zuzendutako talde batekin.

Nanohidrogel adimendun horiek aproposak dira, ez bakarrik minbizi-kasuetan erabiltzeko. Orain, nanohidrogelekin tuberkulosiaren kontrako farmakoak erabiltzeko aukera ikertzen ari dira. Izan ere, gaur egun, tuberkulosiaren kontrako farmakorik eraginkorrenak egunean hainbat aldiz injektatu behar izaten dira. Eta hori arazo izan daiteke osasun-zentroetara iristea zaila den guneetan, hala nola azpigaratutako guneetan.

Ikerketa-taldea tuberkulosiaren kontrako farmako-nahastea denbora luzez era kontrolatuan eta konstantean askatzen duten nanohidrogelak garatzen ari da. Kasu horretan, nanohidrogelak substantzia bat baino gehiago garraiatzen du, eta, horregatik, zaila da farmakoak askatzeko maiztasuna eta kontzentrazioa kontrolatzea. Horrek hidrogelaren egitura kasuan kasuko beharretara moldatzera behartuko ditu ikertzaileak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun