Lamiako-Txopoeta Biziberritu eta Eraberritzeko Plan Nagusiak (BEPN) kaltetutako auzotarrei "inolako argibiderik ez ematea" egotzi die Eneko Arruebarrena alkateari eta Udal Gobernu Taldeari Leioako PSE-EEk. Alfonso Lopez-Arevalillo alderdi horren tokiko bozeramaileak salatu duenez, "Udalean zegozkien konpromisoak hitzartu arren, ziurgabetasuna erabatekoa izan da bizilagunengan, lau urte hauetan. Dagoeneko abian dira desjabetzeak. Hala ere, auzotarrek ez dakite agindutakoa noiz beteko duten Udalak eta Eusko Jaurlaritzak". Hau da, etxe berria noiz emango dieten. Hori dela eta, "auzian esku hartu eta bizilagunei aldian-aldian informazioa ematea" eskatu dio alkateari Leioako PSE-EEk. Horretaz gain, Eusko Jaurlaritzari eta Bizkaieder enpresa sustatzaileari "data zehatz bat eman, edo gutxienez, kaltetuekin egutegia negozia dezatela" exijitzera premiatu dute Arruebarrena. Bitartean, Lamiakon bertan,
alokairu sozialeko 58 etxebizitzen giltzak banatu zituzten, urtarrilaren 26an, Javier Madrazo Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza sailburuak eta Leioako alkateak (argazkian). Horietatik 13 botatako etxeetako bizilagunei ostatu emateko direla aipatu zuten ekitaldian. Orotara, 147 dira euren etxeak bota eta berria eman behar dieten Lamiako familiak.