Mikroorganismoen eboluzioari buruzko hitzaldia izango da bihar Leioako campusean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko ots. 17a, 13:29

Iñigo Azua EHUko Mikrobiologia irakasleak hitzaldia emango du asteazken honetan, otsailak 18, Leioa eta Erandioko campuseko Zientzia eta Teknologia Fakultatean. "Mikroorganismoen eboluzioa" izenburuko saioan, Darwinen teoria oinarri moduan harturik, lehenengo mikroorganismoei buruzko galderak erantzuten saiatuko da Azuak: nola sortu ziren lehenengo izaki mikroskopikoak eta nolako eboluzioa jasan duten gaur egungo mikroorganismoak lortu arte, besteak beste. Hitzaldia 12:00etatik aurrera izango da, aipatu ikastegiko hitzaldi aretoan. Argazkian, EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultatea.

Horretaz gain, gaurko mikroorganismo talde ezberdinak aztertuko ditu EHUko Mikrobiologia irakasleak eta beraien arteko erlazio filogenetikoak ezarri, ezaugarri biokimiko eta fisiologikoak aipatuz, unibertsitateko iturriek adierazi dutenez. Mikroorganismoen ezaugarrietan oinarrituriko teoria berriak eztabaidatzeko aukera ere egongo da.
Iñigo Azuarena "Eboluzioa, geneak eta moldaerak. 2009, Espezieen jatorriaren 150. urteurrena" zikloaren bigarren hitzaldia da. Bionatur Biologia Elkarteak antolatutako ziklo horrek Darwinen "Espezieen jatorria" liburuaren 150. urteurrena ospatzen du. Aurten ere Darwinen jaiotzaren 200 urte betetzen dira.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun