Plentziarra da larunbatean Bilbon atxilotutako zazpi lagunetatik bat

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko ots. 17a, 14:00

Plentziako Gazte Asanbladak eta, oro har, bertoko gazte mugimenduak egindako deialdiari erantzunez, 80 lagun elkartu ziren joan den igandean, otsailak 15, aipatu itsas hiribilduko EAJren egoitzaren aurrean. Aurreko egunean Bilbon gertatutako istiluetan, Plentziako gazte bat atxilotu eta kolpatu zutela salatu zuten batzokiaren aurrean bildutakoek. "Gazteon aurkako sarekadak, legez kanporatzeak, torturak eta presoen sakabanaketa" bezala, aipatu gertaera Euskal Herriak bizi duen "salbuespen egoeraren adibidetzat" jo zuten neska-mutilek. Baltasar Garzon epaileak debekatu, Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Sailak dozenaka ertzain agindua betetzera bidali, eta liskar artean amaitu zen D3M plataformak larunbaterako "Demokrazia orain" lelopean deitua zuen manifestazioa. Ertzaintzak zazpi lagun atxilotu zituen "desordena" eragin izana leporatuta. Dagoeneko kalean dira guztiak. Argazkian, Plentziako batzokiaren aurrean herenegun egindako kontzentrazioa.

Plentziako Gazte Mugimenduaren eta Gazte Asanbladaren oharra:

Hemen bildu gara gertaera oso larri bat salatzeko. Atzo, Bilbon, legez kanporatzeen aurka eta demokraziaren aldeko manifestazioan, gure herriko auzokide eta lagun bat atxilotu zuten.

Atzo gertatutakoa ez da kasualitatea. Gaurko marko juridikoa, hau da, Euskal Herria hiru administrazioetan zatitzen duenak, agortuta dagoen honetan, independentziaren aldeko aukera ezabatu nahi dute, sustraitik ebakiz. Honen adibide dira: gazteon aurkako sarekadak, legez kanporatzeak, torturak, presoen sakabanaketa, atzoko gure auzokidearen atxiloketa eta demokrazia ezaren erakusgarri diren alderdi politikoen legez kanporatzea.

Zapalkuntza hauen aurrean, gazteok gara egoerari aurre egiteko gai garenok, eta horregatik kolpatzen gaituzte, eta herri honetako gazteok independentziaren autua hartu dugu, independentziaz herri eta gizarte berri bat eraikitzeko, non etxebizitza luxu bat izatetik eskubide bat izatera bermatuko dugun, non emakumea zapaltzen duen sistema patriarkarra suntsituko dugun, non batzuen probetxurako ama lurra suntsituko ez den eta non aberatsen krisia ez ikasleok, ez langileok, ez emakumeok, ez gazteok ordainduko dugun.

Arrazoi hauengatik, entzun dezatela: ez gara kikilduko!

Lotu independentziara!
Gazte eta aske irabazi arte!
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun