Gizarte Zerbitzuetan hitzordua eskatu eta gero zitara agertzen ez diren lagunen kopurua gutxitu nahi du
Getxoko Udalak. Lehenik eta behin, sentiberatze kanpaina egingo dute otsailean zehar: “Aulki hutsik ez, ezin bazara etorri, abisatu, guztion artean itxaron-zerrenda laburtuko ditugu” leloa erabiliko dute horretarako. Gauzak horrela, aurretiko hitzordura ezin joatekotan, deitu edo abisatu behar dela adierazi nahi diete herritarrei, tarte hori beste erabiltzaile batek aprobetxa dezakeelako. Horretarako, Gizarte Zerbitzuen bulegoetako telefono zenbakiak agertzen diren txartelak banatuko dituzte. Bestalde, Informatika Sailarekin elkarlanean, sakeleko telefonoetara SMSak bidaltzeko programa jarriko du martxan Udalak, Gazte eta Diru-bilketa sailetan izandako emaitza onak ikusita. “Bigarren neurriaren helburua Gizarte Zerbitzuen erabiltzaileei hitzordua gutxienez 48 ordu baino lehenago gogoratzea da, ez joatea ekiditeko eta era horretan itxaron-zerrenda murrizteko, hutsuneak betez”, azaldu du Elena Coria zinegotziak. Argazkian, Elena Coria Gizarte Zerbitzuen zinegotzia, zutik, 2008ko azaroan ehun urte bete zituen Pilar Bustillori egindako omenaldian.