Ostegunean independentziara lotzeko gonbitea zabalduko dute Algortan eta campusean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko ots. 17a, 20:40

Gazte Independentistek deituta, etzi, osteguna, "Lotu independentziara!" dinamikaren baitako bi jarduera burutuko dituzte Algortan eta Leioa eta Erandioko campusean. Goizeko 12etan, ekitaldi politikoa egingo dute Euskal Herriko Unibertsitatean eta berau bukatzean, manifestaldia egingo dute campusean zehar. Arratsaldean, ordea, Algortako txanda izango da. 19:30etik aurrera, ekitaldia eta manifestazioa egingo dute, Txiki eta Otaegi plazatik abiatuta. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, "itotzen gaituen sistema kapitalistaren aurka borrokan jarraitu eta urrats berri bat emateko deia luzatu" nahi izan dute: "independentziara lotzeko urratsa". "Lotu independentziara!" ekimenen artean, besteak beste, honako hauek dira azpimarragarriak: martxoaren 14an Olaztin burutuko duten "Gazte Nafarock" eguna eta apirilaren 10etik 12ra Amaiurretik Donibane Garazira joango den Gazte Martxa. Argazkian, dinamikaren aurkezpena egin zuten Ibaetan pasa den urtarrilaren / Gaztesarea.

Gazte Independentisten oharra:

Lotu zu ere independentziara!

2009ko euskal gazteria zapaltzen dute munduan horrenbeste gose eta miseria sortzen duen sistema kapitalistaren bi katebegi besterik ez diren estatu espainiar eta frantziarrak, eta euren akolito lana egiten duten Iruñeko eta Gasteizko gobernuek.

Nork erabaki du herri honetan Abiadura Handiko Txikizioa eragingo duen negozioaren trena eraikitzea? Nork erabaki du paperean etxebizitza eskubidea dena diruzale gutxi batzuen negoziorako ondasun izatea? Nork erabaki du hezkuntza sistemak herri honek behar dituen pertsonak hezi ordez diruzalekeriaren makinaria elikatuko duten erremintak sortuko dituela? Ez al da horien eredu patriarkala indarkeria matxista eragiten duena? Ez al da euren zapalkuntza euskara heriotzara kondenatzen duena? Nor ari da "euren krisia" langileriaren bizkar jartzen? Zerbitzu publikoak desegiten, EEEen (Enplegua Erregulatzeko Espedienteak) bidez langileak kaleratzen enpresariek irabazirik gal ez dezaten...

Eredu horren irauteko aldaketaren bidean antolatzen den ororen aurkako errepresio bortitza darabilte agintari denek. Ipar Euskal Herrian indartzen ari den mugimendu abertzalea kriminalizatuz (ostatuen auzia, gazteriaren aurkako operazioak, Batasunaren kriminalizazioa...) eta herriaren mesedera eraikitako Euskal Herriko Laborantza Ganbara bezalako proiektuak eteten saiatzen. Hego Euskal Herrian zapalkuntza eta zatiketa egoera honetatik erabakia euskal herritarren esku jarriko duen eskenatoki berriaren alde antolatzen eta borrokatzen duen ezker abertzaleari gerra deklaratuz (ilegalizazioak, torturak, razzia, politikoak...); UPN eta PNV bezalako esaneko goi-karguzalea eta diruzaleekin estatutu eta amejoramendu berriak hitzartzen dituzten bitartean. Eta zazpi euskal herrialdeetan eredu zapaltzaile honen aurrean hamaika borroka ezberdinetan antolatzen garen eta borrokatzen dugun gazteon aurkako presio polizial etengabea mantenduz (espazio askeen kaleratzeak, poliziaren mehatxuak, jarraipenak, isunak...)

Elkarrekin ari gara itotzen gaituen sistema kapitalistaren aurka borrokan. Etsaia handia da: bi estatu, hiru administrazio, hamaika diruzale eta goi-karguzale, gezurti koadrilek osaturiko hedabide toxikatzaileak, milaka polizia, espetxe, irakasle itxurako diktadore frustratuak... Baina alternatiba bor-bor ageri da. Milaka gara egungo zapalkuntza, zatiketa eta ukapena onartzeko prest ez egon eta herriz herri hamaika borroketan antolatzen garenak, borrokatzen dugunak. Batean ala bestean, eredu berri baten alde, Euskal Herri berri baten alde ari gara borrokan. Sistema beraren aurka ari gara borrokan, eman dezagun urrats bat gehiago eta elkartu gaitezen alternatiba beraren alde, lotu gaitezen Independentziara!
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun