Lurralde Zati Planak (LZP) Getxorako aurreikusten zituen "zortzi mila etxebizitzetatik hasierakoak" izan daitezke PSE-EEk agindutakoak, PPk salatu duenez. Getxoko EAJrekin adostutako aurrekontuen barruan, babes ofizialeko mila etxebizitza egitea promestu du Luis Almansa buru duen alderdiak. Marisa Arrue popularren tokiko bozeramaileak adierazi duenez, "Imanol Landa alkateak egitasmoa geldi dagoela ziurtatzen saiatu arren, Bizkaiko Foru Aldundian Lurralde Zati Plana gauzatzeko aurreikusitako izapideak betez doaz". Ildo horretan, "agintaldi honetan, Getxo aldea garatzeko zatikako bi egitasmo" aurkeztu direla salatu du PPk; baita eurei esker aurrera atera ez direla adierazi ere. Horrenbestez, udal aurrekontuetarako zuzenketa aurkeztuko du Getxoko PPk, "Getxori dagokionez, LZP gelditzeko pausuak eman daitezen". Arrueren arabera, "horren bozketan argituko da zortzi mila etxebizitzekiko PSE-EEren jarrera". Argazkian, 2007ko urtarrilaren 28an,
azken urteotako manifestaziorik jendetsuena burutu zuten auzotarrek, Getxon 8.000 etxebizitza baino gehiago eraikitzearen kontra.