Finkatuta daukate Gobelarako lehenengo lanen egutegia

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko ots. 18a, 19:51

Gobela ibaiaren egokitzapen hidraulikorako eta ingurumena lehengoratzeko proiektuan jasotako premiazko lanetarako egutegia zehaztuta dauka jada Uraren Euskal Agentziak (URA). Atzo arratsaldeko bileran eman zieten horren berri Imanol Landa alkate getxoztarrari eta udal arduradunei. Berritasun handiegirik ez dago ordea. Pasa den abenduan Esther Larrañaga Ingurumen sailburuak aurreratu bezala, obrak ekainean hasiko dira "ezustekorik ez badago", URA agentziak helarazitako prentsa oharraren arabera, eta 2010ean bukatu. Aurtengo martxoaren bukaerarako egongo dira hiru jarduera nagusien gaineko behin betiko proiektuak. Batetik, Leioako Etorbidea eta Jolasetako zubiak ordezkatuko dituzte. Bestalde, Salsidun, zubia ordezkatu eta ubidea zabaltzen ahaleginduko dira. Azkenik, Gobela ikastola aurrean eta Jolasetan ere errekaren ibilgua handiagotuko dute. Argazkian, urtarrilaren 27an izan ziren azken uholdeak.

URA agentziak apirilaren lehenengo hamabostaldian jarriko ditu jendaurrean proiektuok. Bitartean, kontratazio txostena idazten joango dira, aipatu hilabeteko bigarren hamabostaldirako proiektuak enkantean ateratzeko. Salsiduko zubia ordezkatu eta gune horretan ubidea zabaltzeari dagokionez, Getxo I institutuko jardueran ahalik eta eragozpenik txikiena sortzea eskatu du Landa alkateak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun