D3M: "D3M, jarduera etetearen aurrean"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko ots. 18a, 20:03

PSOE, hauteskundeetan ezker abertzalearen parte hartze legala ekidin eta hori gutxi balitz, ekinbide politikoaren aztarna oro erabat ezabatu nahi du modu faxista batean. Paradigmatikoa egiten zaigu Garzon epaile-txotxongiloak Turkiaren kasua gogora ekarri izana, elkartzeko eta parte hartze politikorako eskubideen urratzea justifikatzeko. Izan ere, Estatu espainiarrak sekulako antza du, eskubide urraketari dagokionez, Turkia eta Israelen moduko estatuekin. Hauteskundeak trukatu dituzte Gasteizeko Legebiltzarra aldaketa ezaren, konponbide ezaren eta euren alderdi interes eta interes ekonomikoen zerbitzura segi dadin. PNV eta PSOEK euskal jendartearen nahia den aldaketa politikoa ekidin nahi dute, hainbeste etekin bermatzen dizkien estatus quo-a iraunaraziz. Horretarako, aldaketa politikorako nahiak eta eskariak Gernikako Estatutuaren berdefinitze batean disolbatu nahi dituzte. Aldaketarik gabeko aldaketa batekin egungo marko juridiko-politikoa betikotu nahi dute, eta horrekin batera gatazka politiko eta armatua. Eta horretarako Lizarra-Garazin aldaketa politiko eta sozialerako sorturiko baldintzak lurperatu nahi dituzte. Lizarra-Garazi betiko lurperatu nahi dute. Argazkian, D3Mk otsailaren 6an Algortan egindako ekitaldiaren irudi bat.

Ukazio, zatiketa eta inposaketaren zikloa gainditu eta Euskal Herriaren aitortza eta herritar guztien borondatearen errespetuan oinarritutako ziklo berria irekitzea ekidin nahi dute PSOEk eta PNVk. PSOEk eta PNVk iruzur berri bat burutu nahi dute, eta horretarako bidea garbi behar dute: aldaketaren motore den Ezker Abertzalea ahalik eta ahulen behar dute.

Helburu horrekin bakoitzak bere rola hartu du: batek legez kanpo uzten gaitu eta besteek Madriletik iritsitako aginduak txintxo-txintxo bete eta betearazten ditu. Adibide garbia izan genuen aurreko larunbatean Bilboko kaleetan.

Honakoa eskatzen diogu PNVri: ez dezala Madrilen morroi izaten jarraitu. Ibarretxeri eskatzen diogu ez dadila Madrilen Gobernuko Ordezkari izan, ez dadila sententzia injustuen betearazle izan. Planto egin dezala, behingoz, eta ez dezala oinarrizko eskubide eta askatasunei egindako eraso hau onartu; ez diezaiola utzi Madrili berak ordezkatzen duen gizartearen borondatea trenkatzen eta berak deituriko hauteskundeen emaitzak manipulatzen. Eta aurrekoa egiteko prest ez badaude, behintzat zintzoak izan, eta utz diezaiotela esateari PNV ahultzea dela Ezker Abertzalearen bazterketaren azken helburua.

Izan ere, PNV legez kanporatzeez baliatzen da. Eta orain, PNVk herritarrak beldurtu nahi ditu, espainolak Ajuria Eneara datozela esanez. Gasteizko Legebiltzarrean bandera espainola jarri duen PNVk PSOEk hauteskundeak irabaz ditzakenarekin mehatxatzen gaitu. Baina praktikak erakutsi digu PNV eta PSOE eskutik doazela. Azkeneko legealdia dugu adibide: PNVk eta PSOEk elkarrekin onartu dituzte azken lau urteetako Estatuko eta EAEko aurrekontuak, eta PSEk Gasteizen PNVk aurkezturiko legeen gehiengoa babestu du.

Bestetik, non dira EA, EB eta Aralar, desobedientzia zibilaren eta planto demokratikoaren defendatzaile sutsuak? Injustizia honen aurrean itsu, mutu eta gor. Euskal Herriko bizitza politikoan Madrilen esku-hartze faxista eta eskubide eta askatasun demokratikoen aurkako erasoa salatu beharrean Ezker Abertzalearen bazterketaren etekin elektoralak kalkulatzen daude alderdiok.

Azkenik, dei egiten diogu euskal gizarteari martxoaren 1ean D3Mren boto-txartelarekin bozka dezan, desobedientzia ekimen erraldoia burutuz. Orain, inoiz baino gehiago, D3M.

• D3M. Eskubide zibil eta politikoen urraketa sistematikoari eta errepresio eta apartheid politiko eta instituzionalari aurre egiteko bozka errebelde eta intsumitua.

• D3M, PSOEk eta PNVk inposatu nahi duten iruzur politikoari aurre egingo dion herri harresia eraikitzeko bozka.

• D3M. Prozesu demokratiko baten aldeko bozka. Euskal Herriaren nazio aitorpen eta euskal jendartearen borondatearen errespetutik bake eta demokrazia eskenatoki baten aldeko bozka.

• D3M, urrezko bozka, Euskal Herriaren etorkizunerako sekulako garrantzia izango duen bozka.

Demokrazia 3.000.000
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun