Otsailaren 10eko gauean hartu zuten
azken sustoa Algortako Salsidu-Zubilleta inguruko bizilagunek. Metro koadroko 15-20 litro euri egin zituen oso tarte labur batean, eta Gobela Ibaiak "ezin izan zuen guzti hori irentsi". Ezbehar handiagorik gertatu ez zen arren, hurrengo goizean mobilizatzeko erabakia hartu zuten auzotarrek. Oraindik daude ikusgai egun horretan leihotik leihora zintzilikatu zituzten pankartak: "Gobela d'Or, ciudad de vacaciones" bezalako leloak irakur daitezke. Salsidu-Zubilletako 80 familietatik 72k joan nahi dute bertatik, auzotarrek euren artean egindako galdeketaren arabera. Horrela jakinarazi dute Uholdeetako Batzorde Berezian, eta Getxoko PSE-EEren eta Ezker Batuaren babesa badaukate. Etxabeetan bizitzeagatik egoera larriagoan egonda, 13 familiari ahalik eta lasterren ostatu ematea eskatu du PPk. Bitartean, "aukera ezberdinak aztertu eta horren arabera erabaki" egingo dutela erantzun die behin eta berriro Landa alkateak. Argazkian, Salsidu-Zubilletako auzokideetako bat urtarrilaren 30eko udalbatzan.