D3Mrentzako bozka eskatu dute gazte independentistek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko ots. 19a, 20:00

"Lotu independentziara!" leloa berea eginez, 150 ikasle inguruk egin dute manifestazioa, gaur eguerdian, Leioa eta Erandioko campusean. Berau bukatzean egindako ekitaldi politikoan, "itotzen gaituen sistema kapitalistaren aurka borrokan jarraitu eta urrats berri bat emateko" deia luzatu dute: "independentziara lotzeko urratsa". Gauzak horrela, martxoaren 1eko hauteskundeetan Demokrazia 3.000.000 (D3M) plataformari botoa ematera deitu dute gazte independentistek. Hala ere, ez da dinamika horren baitan, Uribe Kosta eskualdean goizean egon den mobilizazio bakarra izan EHUkoa. Itzubaltzeta / Romoko Romo-Artatza institutuan 20 lagunek egin dute elkarretaratzea atsedenaldian; baita Algortako Txiki eta Otaegi plazatik 19:30ean abiatuko den manifestaziora joateko deia luzatu ere. Telletxe plazan ere 11:00etan egin dute kontzentrazioa ikasleek. Argazkian, Leioako campuseko manifestazioa. Irudi gehiago ikusteko, sakatu hemen.

Gazte Independentistek irakurritako oharra:

Lotu zu ere independentziara!

2009ko euskal gazteria zapaltzen dute munduan horrenbeste gose eta miseria sortzen duen sistema kapitalistaren bi katetegi besterik ez diren estatu espainiar eta frantziarrak, eta euren akolito lana egiten duten Iruñeko eta Gasteizko gobernuek.

Nork erabaki du herri honetan Abiadura Handiko Txikizioa eragingo duen negozioaren trena eraikitzea? Nork erabaki du paperean etxebizitza eskubidea dena diruzale gutxi batzuen negoziorako ondasun izatea? Nork erabaki du hezkuntza sistemak herri honek behar dituen pertsonak hezi ordez diruzalekeriaren makinaria elikatuko duten erremintak sortuko dituela? Ez al da horien eredu patriarkala indarkeria matxista eragiten duena? Ez al da euren zapalkuntza euskara heriotzara kondenatzen duena? Nor ari da "euren krisia" langileriaren bizkar jartzen? Zerbitzu publikoak desegiten, EEEen (Enplegua Erregulatzeko Espedienteak) bidez langileak kaleratzen enpresariek irabazirik gal ez dezaten...

Eredu horren irauteko aldaketaren bidean antolatzen den ororen aurkako errepresio bortitza darabilte agintari denek. Ipar Euskal Herrian indartzen ari den mugimendu abertzalea kriminalizatuz (ostatuen auzia, gazteriaren aurkako operazioak, Batasunaren kriminalizazioa...) eta herriaren mesedera eraikitako Euskal Herriko Laborantza Ganbara bezalako proiektuak eteten saiatzen. Hego Euskal Herrian zapalkuntza eta zatiketa egoera honetatik erabakia euskal herritarren esku jarriko duen eskenatoki berriaren alde antolatzen eta borrokatzen duen ezker abertzaleari gerra deklaratuz (ilegalizazioak, torturak, razzia, politikoak...); UPN eta PNV bezalako esaneko goi-karguzalea eta diruzaleekin estatutu eta amejoramendu berriak hitzartzen dituzten bitartean. Eta zazpi euskal herrialdeetan eredu zapaltzaile honen aurrean hamaika borroka ezberdinetan antolatzen garen eta borrokatzen dugun gazteon aurkako presio polizial etengabea mantenduz (espazio askeen kaleratzeak, poliziaren mehatxuak, jarraipenak, isunak...)

Elkarrekin ari gara itotzen gaituen sistema kapitalistaren aurka borrokan. Etsaia handia da: bi estatu, hiru administrazio, hamaika diruzale eta goi-karguzale, gezurti koadrilek osaturiko hedabide toxikatzaileak, milaka polizia, espetxe, irakasle itxurako diktadore frustratuak... Baina alternatiba bor-bor ageri da. Milaka gara egungo zapalkuntza, zatiketa eta ukapena onartzeko prest ez egon eta herriz herri hamaika borroketan antolatzen garenak, borrokatzen dugunak. Batean ala bestean, eredu berri baten alde, Euskal Herri berri baten alde ari gara borrokan. Sistema beraren aurka ari gara borrokan, eman dezagun urrats bat gehiago eta elkartu gaitezen alternatiba beraren alde, lotu gaitezen Independentziara!

Entzun Leioako campuseko ekitaldiaren audioa (mp3)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun