Iluntzeko 8:30ean egingo diote lehen harrera Maribel Prietori

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko ots. 20a, 14:13

Etxekoek 18.000 euroko fidantza ordaindu ostean, gaur aterako da Brievako espetxetik (Avila, Espainia) Maribel Prieto preso berangoztarra. "Oraindik ez dakigu zein ordutan irtengo den kartzelatik, baina lehen harrera egingo zaio Algortan, 20:30ean, ostiraleko kontzentrazioaren ostean, Amnistia tabernan", azaldu du Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak. Prieto pasa den abenduaren 10ean atxilotu zuen Guardia Zibilak Berangon, Aitor Artetxe ustezko ETAko kidea ezkutatu izana leporatuta. Prietoren pisukidea den Amets Ladislao atxilotu eta Guardia Zibilak pisua miatu ostean "prezintoa" altxatzera joan behar zela esanez hots egin zioten poliziek Maribeli eta Berangoko bere etxean agertu zenean atxilotu zuten. Bi egun lehenago Artetxe bera, Aitzol Iriondo eta Eneko Zarrabeitia Okzitanian atxilotuz Frantziako Poliziak eta Guardia Zibilak abiatutako sarekadan zortzi euskal herritar atxilotu zituzten, tartean Uribe Kostako sei lagun: Maribel Prieto, Marimar Alcocer, Ibai Egurrola, Amets Ladislao, Javi Gutierrez eta Aitor Artetxe. Guardia Zibilak operazio horretan atxilotutako guztiak bezalaxe Prieto "bortizki torturatua" izan zela salatu zuen. Argazkian, Maribel Prieto / Etengabe.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun